Mundua -

Hauteskundeak Alemanian

Botoek Merkel zigortu eta eskuineko populismoa indartu dute

Baden-Württembergen, Renania-Palatinatuan eta Saxonia-Anhalten hauteskundeak egin dituzte. Errefuxiatuen kudeaketaren azterketa gisa hartu dute, eta boto-emaile askok argi utzi dute ez daudela pozik.

Alemaniarentzako Alternatibaren (AfD) jarraitzaileak. Argazkia: EFE
Alemaniarentzako Alternatibaren (AfD) jarraitzaileak. Argazkia: EFE
Galera handiak Merkelen alderdiak

1:21

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkelen koalizio handia zigortu dute Alemaniako hiru estatutan egindako hauteskundeek. Bestalde, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD), eskuineko populismoa, bultzatu dute botoek; izan ere, indartsu sartu da estatu federatu horietako parlamentuetan.

Baden-Württembergen, Renania-Palatinatuan eta Saxonia-Anhalten hauteskundeak egin dituzte. Errefuxiatuen krisia kudeatzeko moduarentzat azterketa bat zen, eta boto-emaile askok argi utzi dute ez daudela pozik. Iaz 1,1 milioi asilo-eskatzaile hartu zituen Alemaniak.

Merkelen Batasun Demokristauak (CDU) indarra galdu du hiru estatu horietan, baina porrotik handiena Alderdi Sozialdemokratak (SPD) jaso du. Hala, AfDk SPD gainditu du bi estatutan.

Kutsu xenofoboa

AfD duela hiru urte sortu zen, EBren aurkako alderdi bezala. Kutsu xenofoboa duen diskurtso populista batez, Saxonia-Anhalten bigarren indarra izatea lortu du, botoen % 24 eskuratuta; Baden-Württembergen (% 15) eta Renania-Palatinatuan (% 12,4), berriz, hirugarrena izango da, ARD Alemaniako telebista publikoak egindako azken aurreikuspenen arabera.

Sigmar Gabriel SPDko buruzagia kezkatuta agertu da, emaitzek argi utzi dutelako “alderdi demokratikoak ahulak” direla. Gabrielen ahotan, SPD “inflexio-puntu batean” dago.

Eskuineko populistekin inola ere ez dutela negoziatuko azpimarratu dute alderdi nagusiek. Horrela, hiru estatuetan oposizioan geratuko dela onartu du AfDk dagoeneko. Ordezkaritza duten beste bost estatuetan, oposizioan daude populistak.

Pixkanaka-pixkanaka, gora

2013ko hauteskunde orokorretan AfD Budestagetik at geratu zen, botoen % 5 (kopuru hori behar da ordezkaria izateko) ezin lortuta, baina 2014ko Europako hauteskundeetan zazpi diputatu eskuratu zituzten eskuineko populistek. Hala ere, bi ordezkari bakarrik dituzte egun, alderdia bitan zatitu baita.

AfDko barne gerrak ez du aparteko eraginik izan hautesleriaren zati handi batean, nahiz eta “izen ona zikintzeko” kanpaina bat izan, Frauke Petry alderdiko buruzagiak salatu duenez. AfDko jarraitzaileak Berlinen bildu dira hauteskundeetako arrakasta ospatzeko.

“Egun ona da Alemanian demokraziarentzat”, esan du Petryk. AfDko agintariaren ahotan, Merkelen “politika katastrofikoak” azkenean begiak zabaldu dizkie herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Alemania Gaurko azken orduko albistea