Mundua -
ZENTSURA INFORMATIBOA
Auzitegi batek Cihan albiste-agentziaren kontrola hartu du Turkian
Cihan albiste-agentzia auzitegiko administratzaileen menpe geratuko da. Turkiako Gobernuarekin kritikoa den 'Zaman' egunkariaren komunikazio taldekoa da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Istanbulgo (Turkia) auzitegi batek Cihan albiste-agentzia pribatuaren kontrola hartu du, hainbat administratzaile izendatuta, martxoaren 4an Gobernuak horren jabea den Zaman egunkariaren komunikazio-taldearen agintaritza bere gain hartu ostean.
Turkish Minute webguneak (Zaman egunkariaren ordezkari gisa aurkeztu da) zabaldu duenez, Istanbulgo Bakerako Zigor Auzitegiak hartu du Cihanen gaineko erabakia.
Astelehen gauean onartu zuten epaian, hiru administratzaile izendatu zituzten albiste-agentziaren kontrola hartzeko, Fiskaltzak hala eskatuta. Zaman kontrolpean hartu zuten administratzaile berberak izango dira.
Martxoaren 4an, Istanbulgo beste auzitegi batek hainbat administratzaile izendatu zituen Feza Hedabide Taldea (Zaman horren parte da) kontrolatzeko. Zaman herrialdean gehien saltzen den egunkaria da, eta Gobernuaren kudeaketarekin oso kritiko agertu da. Hori dela eta, Giza Eskubideen eta prentsa eskubidearen aldeko taldeak eta Mendebaldeko herrialdeak egunkariaren kontrola hartzeko erabakiaren kontra agertu dira.
Cihan Turkiako albiste-agentzia pribatu bakarra zen, eta herrialdean egin ohi diren hauteskunde-prozesu guztien berri ematen zuen, Turskih Minuteren arabera. Horren esanetan, Cihanek politika alor ezberdinetako komunikazio taldeen konfiantza lortu zuen, hauteskunde-emaitzen inguruko informazioa "azkar" eta "zuzen" eman baitu azken 12 urteetan.
Jazarpen politikoa
Zaman egunkariaren komunikazio-taldeak Turkiako Gobernuaren jazarpena jasan du, Fethula Gülen klerikoa buru duen mugimenduarekin, ustez, loturak baititu. Recep Tayyip Erdogan egungo presidentearen aliatua izan zen Gülen duela urte batzuk.
Erdoganek harremana hautsi zuen Gülenekin 2013an, presidentearen inguruko batzuk, haren oso gertukoak, ustelkeria auzi batean nahasi zituztenean. Gülenen jarraitzaileek bera Gobernutik kanporatzeko kanpaina bat abiatu zutela salatu zuen orduan lehen ministroa zenak. Klerikoak ukatu egin zuen.