Mundua -

Nazioarteko batzarra

NBEk 5.300 milioi dolar bildu ditu Haitirentzat

Nazioarteak aise gainditu ditu NBEren aurreikuspenak, Ban Ki-moon buru duen erakundeak 3.900 milioi dolar biltzea espero baitzuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteak 5.300 milioi dolar promestu ditu asteazken honetan Haitirentzat hurrengo bi urteetan, Nazio Batuek hasieran egindako 3.900 milioi dolar eskakizuna aise gaindituta, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez.

"Albiste ona da, nazioarteko elkartasun adibidea. [....] Baina orain Haitik diru hori jasotzen duela eta ondo koordinatzen eta inbertitzen dela ziurtatu beharra daukagu", gaineratu du.

Nazioarteak batzarra egin du asteazken honetan, NBEk eta AEBek antolatuta, eta Espainiak, Frantziak, Kanadak, Brasilek eta Europar Batasunak lagunduta.

Banen esanetan, Haitik 11.500 milioi dolar beharko ditu hurrengo 10 urteetan.

Atzo goizean, AEBek 1.150 milioi euroko laguntzak eskaini zituzten hurrengo 18 hilabeteetarako, eta ondoren EBk beste 1.235 eman zituen.

Bere aldetik, Rene Preval Haitiko presidenteak adierazi du laguntza honek "bidea prestatu" egingo duela sektore pribatuaren garapenarentzat.

Oxfam: "Dirua ez dadila izan beste krisietakoa"

Bilera amaitzean, Philippe Mathieu Oxfam GKEk New Yorken duen bozeramaileak esan du 5.300 milioi dolarreko laguntza "oso eskuzabala eta beharrezkoa" dela.

"Nolanahi ere, ez da beste krisi humanitarioetatik ateratako diru birziklatua izan behar", ohartarazi du. Izan ere, "beste hondamendietako txiroek ez lukete ordaindu beharko".

Oxfameko bozeramaileak gogorarazi du 1998an, Mitch urakana jazo zenean, nazioarteak 9.000 milioi dolarreko laguntzak promestu zituela, "baina herena baino ez zen gauzatu. "Hori ez da berriro gertatu behar", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea