Mundua -

Atentatuak Moskuko metroan

Errusiak ez du baztertzen Al Kaidak atentatuetan parte hartu izana

Atzerri ministroaren esanetan, baliteke Osama Bin Ladenen sareak Moskuko metroko atentatuak antolatzen lagundu izana Ipar Kaukasoko taldeei. Jada 39 dira erasoetan hildakoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dolu egun ofiziala da gaur Moskun, atzo, metroan, bi atentatu suizidak 39 pertsona hil eta 84 zauritu eta gero. 71 ospitaletan daude oraindik, eta horietako bost hil edo bizi.

Bien bitartean, Errusiako Segurtasun Indarrek atentatuak gauzatu zituzten bi emakumezko suiziden laguntzaileak bilatzen jarraitzen dute. Hain zuzen ere, bi emakume eta gizon baten bila ari dira, atentatuekin zerikusia dutelakoan.

Emakumezko suizidei "alargun beltzak" deitzen diete Errusian, eta Segurtasun Indarrek hildako gerrillari islamiarren emazteak izan ohi dira.

Oraingoz ez dago argi nork antolatu dituen atentatuak, baina Ipar Kaukasoko taldeei egotzi dizkiete.

Dena dela, susmoa ez da Kaukasora mugatzen. Izan ere, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ez du baztertu Afganistan eta Pakistan artean errefuxiatuta dauden miliziano islamiarrek ere parte hartu izana. Hau da, Gobernuak ez du baztertzen Al Kaidak Ipar Kaukasoko taldeei lagundu izana.

Txetxeniako, Ingushetiako eta Dagestaneko matxinoek Al Kaidarekin harremana dutela ziurtatu dute inoiz Errusiako hainbat buruzagik, baina beste iturri batzuek ez diete sinesgarritasunik ematen adierazpenoi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea