Mundua -

Atentatuak Moskun

Erasotzaile suiziden hiru lagun bilatzen ari da Errusiako Polizia

Atentatu suizidak Ipar Kaukasoko bi emakumek egin dituztela esan dute zerbitzu sekretuek. Gutxienez 38 lagun hil eta 65 zauritu zauritu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moskuko metroan bi eraso suizida egin dituzten bi emakumeen hiru lagun bilatzen ari dira Errusiako segurtasun indarrak, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez. Atentatuetan 30 lagun baino gehiago hil dira.

Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB) azaldu duenez, lehen datuen arabera, goizean egindako erasoak Ipar Kaukasoko talde terroristek antolatu eta emakume suizidek egin dituzte.

Bi terrorista "kamikazeen" gorpuen buruak eta gorpuzkiak aurkitu dituzte auzitegiko medikuek eta kriminalistek eta identifikatzea espero dute, iturri juridikoek Errusiako albiste-agentziei jakinarazi dietenez.

Gainera, hazpegi eslaviarreko beste bi emakume bilatzen ari direla jakitera eman dute segurtasun agenteek. Terrorista suizidak Moskuko metroko sarreretaraino lagundu dituzte eta segurtasun bideokamerek grabatu dituzte.

Era berean, 30 bat urteko eta 1,80 metroko altuera duen gizon bat bilatzen ari dira. Antza denez, gizonezkoak bizarra du eta jaka urdin bat jantzita zeraman. Beisboleko txapel iluna eta zapatila zuriak zeramatzan.

Gutxienez 38 hildako eta 65 zauritu

Gutxienez 38 pertsona hil dira eta 65 zauritu Moskuko metroan jazotako bi atentatutan, Errusiako Barne eta Larrialdi Ministerioek baieztatu dutenez.

Alexandr Bortnikov Segurtasun Zerbitzu Federaleko (FSB, KGB ohia) buruak ziurtatu du erasoak atentatu suizidak izan direla eta egileak Ipar Kaukasoko bi emakumezko izan direla.

"Hori da bertsio nagusia", esan dio Bortnikovek Dmitri Medvedev Errusiako presidenteari, agentzia errusiarren arabera.

Herrialde hartako Segurtasun Indarrak terrorista suizidekin batera metroan sartu ziren eta segurtasun kamerek grabatu zituzten beste bi emakumezko bilatzen ari dira.

Biktimen omenez, dolu-eguna deitu du astearterako, Moskuko Udalak.

CNN telebista-kate estatubatuarrak ziurtatu dutenez, Txetxeniako independentistek bere gain hartu dituzte erasook.

Bi eztandak

Lehen eztanda Lubyanka geltokian gertatu da, 06:00etan (Euskadiko ordua).

"Bagoiak geltokian zeudenean jazo dira eztandak. Bidaiari batzuk bagoian hil dira, eta beste batzuk plataforman", esan du Larrialdi Ministerioko bozeramaile batek Errusiako telebistan.

Lubyanka plazan Errusiako zerbitzu sekretuen egoitza dago.

Bigarren eztanda handik eta 45 minutura izan da, Park Kultury geltokian.

Une honetan kaos eta beldur handia dago metroko bidaiarien artean.

Moskuko hainbat tokitan zirkulazioa eten egin dute, eta telefono zerbitzua ere gainez dago.

Ez dago espainiarrik biktimen artean

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Fernando Villalba Moskuko enbaxada espainiarraren prentsa arduradunak baieztatu du ez dagoela espainiarrik biktimen artean.

Aldez aurretik, RNEn eskainitako elkarrizketa batean, Errusia osoan 1.700 espainiar inguru daudela azaldu du. Horietako 1.300 Moskun daude.

Terrorismoaren aurkako gerra

Atentatuen ostean, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak "atseden gabeko" gerra deklaratu dio terrorismoari. Bere aldetik, Vladimir Putin lehen ministroak promestu du terroristak "suntsitu" egingo dituztela.

Nazioartearen gaitzespena

Barack Obama AEBetako presidenteak atentatu terrorista "ankerrak" gaitzetsi ditu eta Errusiako herriari doluminak bidali dizkio. "Ekintza krudelak" gaitzetsi ditu Obamak eta AEBetako herriak Errusiakoari elkartasuna adierazten diola esan du, Etxe Zuriak zabaldutako komunikatu baten arabera.

Erasoak gaitzetsi ditu Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak atentatuak gaitzetsi ditu eta "eraso terrorista ankertzat" jo ditu.

Era berean, Europar Batasuneko arduradun nagusiek erasoak gaitzetsi dituzte eta terrorismoaren kontrako borrokan Errusiari elkartasuna adierazi diote.

Atentatu "gorrotagarriak" gaitzetsi ditu Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Errusiako herriari "erabateko elkartasuna" adierazi dio.

Erasoak gaitzetsi ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Atentatuetako biktimei "doluminak" eman dizkie Zapaterok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea