Mundua -
Erreferenduma Bolivian
Ezetza nagusitu da Boliviako erreferendumean, lehen datuen arabera
Dena den, Boliviako presidenteordeak behin betiko datuak izan arte itxaroteko eskatu du, hauteslekuetan egindako inkestak emaitza parekatua iragartzen baitu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ezetza nagusitu da Konstituzioa aldatu ala ez erabakitzeko Bolivian igande honetan egin den erreferendumean, botoen % 65,46 eskuratuta, botoen % 21,75 zenbatuta Boliviako Hauteskunde Auzitegi Gorenak (TSE) emandako datuen arabera.
Lehen datu ofizial horien arabera, baietzak botoen % 34,54 lortu du. Orain arte zenbatu diren botoen artean, 425.026 boto-emailek egin dute baietzaren alde eta 805.616k, ostera, ezetzaren alde.
Botoen % 96,18 boto baliodunak izan dira; botoen % 3,02, boto baliogabeak; eta botoen % 0,8, boto zuriak. Parte-hartzea % 87,33koa izan da.
Alvaro Garcia Linera Boliviako presidenteordeak emaitza ofizialak izan arte itxaroteko eskatu du, hauteslekuetan egindako inkestak emaitza parekatua iragarri baitute.
Garcia Lineraren esanetan, "berdinketa teknikoa" izan da, eta pazientzia eskatu du boto guztiak zenbatu eta behin betiko emaitzak argitaratu arte; izan ere, aldaketak egon daitezkeela uste du.
Bestalde, Samuel Doria Medina Unidad Nacional oposizioko alderdiko buruak pozik hartu ditu emaitzak, eta emaitzak onartzeko eskatu dio Moralesi.
"Boliviarrok! Batasunaren ordua da, ez mendekua hartzeko edota kontuak garbitzeko garaia. Herriaren erabakia umiltasunez eta baikortasunez onartu behar dugu", esan du.
Gobernuaren buruzagitzan 10 urte eman ostean, Evo Moralesek Boliviako Konstituzioa aldatu nahi du 2019ko hauteskundeetara ere aurkeztu ahal izateko.