Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Gutxienez 6 hildako eta hainbat zauritu Michiganen, tiroketa batean
Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu du, 45 urteko gizon zuri bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko batek gutxienez sei lagun hil -tartean 8 urteko haur bat- eta beste hainbat zauritu ditu bart Ameriketako Estatu Batuetako Michigan estatuan, polizia iturriak aipatuz bertako hedabideek berri eman dutenez. Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu du.
Hasiera batean, Poliziak hiltzat jo du 14 urteko emakume bat eta hildakoen kopurua zazpira igo du. Azkenean, ordea, adin txikikoa larri, baina bizirik dagoela baieztatu dute.
David Hines estatuko poliziaren tenienteak iragarri du atxiloketa, CNNri lotutako Woodtv telebista kateak jakinarazi duenez.
Atxilotua, 45 urteko gizon zuria, Poliziaren galderei erantzuten ari da bart gertatutako hiru tiroketarekin zerikusia duelakoan.
Bestalde, sheriffaren bulegoko funtzionario batek azaldu duenez, arma bat topatu dute susmagarriaren autoan, eta erasotzaileak parean jarri zaion orori tiro egin dio Kalamazzo konderriko hiru tokitan. Lehendabiziko tiroketa apartamentu gune bateko aparkaleku batean gertatu da: emakume batek lau tiro jaso ditu eta larri zauritu da. Tiroketaren unean, emakumea hiru haurrekin zegoen. Gutxira, beste bi lagun hil dituzte kontzesionario batean eta, azkenik, Cracker Barrel izeneko jatetxetik gertu, bi autotan zihoazen lau lagun hil dituzte.
Hildakoez gain, 9 lagun zauritu dira elkarrengandik oso gertu dauden hiru toki ezberdinetan. Gainera, zaurituetako hiru -tartean haur bat- egoera kritikoan daude.
Poliziak ikerketa abiatu du erasotzailea tiro egiten zergatik hasi zen argitzeko.