Mundua -
Nanterre (Frantzia)
Fronte Nazionalaren egoitza miatu dute ustezko ustelkeriagatik
Nahiz eta Bruselan sekula ez lan egin, FNko eurodiputatuen 20 bat laguntzailek Europar Batasunaren soldata jaso zutela uste du Frantziako Justiziak.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Polizia Fronte Nazionalaren (FN) egoitza miatzen ari da Nanterren, Parisetik gertu. Eskuin muturreko alderdiaren laguntzaileei Frantzian ordaintzeko, Europar Batasuneko dirua ustez desbideratzea leporatzen dio Justiziak FNri.
Bost poliziak miaketak egiten ari dira, iTele telebistak aurreratu duenez.
Nahiz eta Bruselan sekula ez lan egin, FNko eurodiputatuen 20 bat laguntzailek Europar Batasunaren soldata jaso zutela uste du Frantziako Justiziak.
Legez kanpoko finantziazioa
Marine Le Penen alderdiari legez kanpoko finantziazioa leporatu diezaioke Fiskaltzak, miaketan Europar Batasuneko funtsen desbideratzearen frogak aurkitzen baldin badituzte. Eskuin muturreko alderdiaren ustezko ustelkeriarekin lotutako bigarren miaketa da azken bi egunetan.
Atzo, Jean-Marie Le Pen alderdiko sortzailearen etxebizitza miatu zuten Saint-Clouden, Pariseko kanpoaldean. Hala, ustezko iruzurra ikertzen ari diren poliziek etxea miatu zuten.
Iragan azaroan Le Penen etxebizitza lehen aldiz miatu zuten, orduan dirua zuritzea eta iruzur fiskala egotzita.
7,5 milioiko iruzurra
Fronte Nazionaleko eurodiputatuen 20 bat laguntzaileren soldatak ikertzeko auzia iragan martxoan zabaldu zuen Pariseko Fiskaltzak.
7,5 milioi euro inguruko iruzurra izan dela uste dute. Polizia Judizialeko Ustelkeriaren Aurkako Bulego Zentrala (OCLCIFF) ikerketa zuzentzen ari da.