Mundua -
Gatazka
UNICEFek Siriako ospitaleen kontrako bonbardaketak salatu ditu
"Iritzi diplomatikoak eta giza eskubideak gorabehera, gogora dezagun biktimak haurrak direla. Haurrak!", azpimarratu du.
agentziak | erredakzioa
Anthony Lake Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko (UNICEF) zuzendariak Siriako lau ospitaleren kontrako bonbardaketak salatu ditu, eta horietako bi UNICEFen esku zeudela jakinarazi du.
"Iritzi diplomatikoak eta giza eskubideak gorabehera, gogora dezagun biktimak haurrak direla. Haurrak!", azpimarratu du, ospitaleetako bat amei eta haurrei zuzenduta zegoela jakinarazi aurretik.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 50 zibiletik gora hil dituzte Alepo eta Idlib probintzietako ospitaleetan eta eskoletan, "Nazioarteko Zuzenbidea urratuta".
Etxetik ihes egin behar dutenentzako babesleku bat eta kamioi talde bat ere bonbardatu omen dituzte. "Dozenaka haur eraman ditugu oihuka ospitalera", adierazi du Juma Rahal medikuak, eta gutxienez bi hil eta dozenaka zauritu direla jakinarazi du.
Marat al Numango ospitalearen kontra ere jaurti omen dituzte misilak, Idleb probintzian, Mego Terzian Mugarik Gabeko Medikuen elkarteko ordezkariaren esanetan.
NBEren bozeramaileak azpimarratu du "eraso horiek Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa larriak" direla, eta zalantzan jartzen dituztela "Siriari Babesa Emateko Nazioarteko Taldeak otsailaren 11n Munichen, su-etena adostu zuenean, hartu zituen konpromisoak".