Mundua -
Ekialde Hurbila
Bake-prozesuan "urrats zailak" egiteko eskatu diote AEBek Israeli
Obama eta Netanyahu ordu eta erdiz batzartu dira Etxe Zurian, baina bilera pribatua izan da, bi herrialdeen artean oraindik tentsio handia dagoen erakusle.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa batzartu egin dira bart Etxe Zurian, azken desadostasunak konpontzen saiatzeko.
Dena dela, bilera pribatua izan da, hots, hedabideak ez dira bertan egon, eta beraz, bi herrialdeen artean oraindik ere tentsioa dagoela ondoriozta daiteke.
Netanyahu 17:30ean (22:30 Euskadin) iritsi zen Etxe Zurira, serio eta argazkilariak agurtu barik.
Bilerak ordu eta erdi iraun du, baina ez dute jakinarazi zertaz mintzatu diren.
Historikoki aliatu izan diren bi herrialdeen arteko harremanetan tentsio ugari izan da azken aldian, Israelek 1.600 etxebizitza eraiki nahi baititu Ekialdeko Jerusalemen. Gainera, bake-prozesuan oztopo den proiektu hori Joe Biden AEBetako presidenteordea Israelen bira egiten ari zela egin zuen Tel Avivek.
Gaur bertan, Ekialdeko Jerusalemen beste 20 etxe eraikiko dituztela iragarri dute herrialde hartako hedabideek. Beste desafio bat AEBen aurka, azken finean.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak eta Netanyahuk ika-mikak izan dituzte azken asteetan kolono-guneen polemika dela eta, baina Obama ez da eztabaidan nahastu orain arte.
Hori horrela, Washingtonek "urrats zailak" egiteko eta kolono-guneen hedapena bertan behera uzteko eskatu dio Israelgo Gobernuari, bake-negoziazioei berriz ekin ahal izateko.
Atzo, baina, Netanyahuk aurre egin zien AEBei: "Herri juduak Jerusalem eraiki zuen duela 3.000 urte, eta gaur ere Jerusalem eraikitzen jarraitzen du. Jerusalem ez da kolono-gunea, gure hiriburua baizik".
Clintonen aburuz, etxebizitza gehiago eraikitzea kaltegarri da AEBen bitartekari lanentzat.