Mundua -
Gerra zibila
Sirian su-etena aplikatzeko konpromisoa hartu dute AEBek eta Errusiak
Siriari Laguntzeko Nazioarteko Taldeak (ISSG) adostutako akordioaren arabera, “laguntza humanitarioa aste honetan hasiko da heltzen setiatutako eskualdeetara”.
Agentziak | Erredakzioa
Setiatutako zenbait hiritara laguntza humanitarioa eramateko egitasmo bat iragarri dute AEBetako eta Errusiako gobernuek. Era berean, su-eten batek prozesuari lagundu beharko dio, bide batez bake elkarrizketak bideratzeko.
Hala ere, Estatu Islamikoa, al Nusra Frontea (Al-Qaidaren Siriako adarra) eta NBEko Segurtasun Kontseiluak terroristatzat jo dituen beste talde batzuk su-etenetik at geratuko dira.
“Astebete barru su-eten bat aplikatzea adostu dugu”, esan du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. “Asmo handiko” egitasmoa dela azpimarratu du Kerryk.
“Benetako proba alde guztiek konpromisoak betetzea izango da”, erantsi du prentsaurrekoan, Sergei Lavrov Errusiako homologoa ondoan zuela, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez.
Bestalde, osteguneko bileraren emaitza “NBEko ebazpenaren baieztapena” dela goraipatu du Lavrovek. Staffan de Mistura Nazio Batuen ordezkariak ere bileran parte hartu du.
Bake negoziazioei lehenbailehen berriro eustea komenigarria dela nabarmendu du Lavrovek, aurretiazko baldintzarik gabe, Sputnik albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Laguntza humanitarioa
Siriari Laguntzeko Nazioarteko Taldeak (ISSG) adostutako akordioaren arabera, “laguntza humanitarioa aste honetan hasiko da heltzen setiatutako eskualdeetara”. Su-etena astebetean gauzatzeko moduak aztertuko ditu taldeak.
“Laguntza humanitarioaren sarrera bizkortzeko, aste honetan airetik sartzen hasi beharko litzateke Deir Ezzoren, eta aldi berean Al Fuan, Kafrayan eta setiatutako eremuetan, Damaskon, Madayan, Muadamiyan eta Kafr Batnan lurretik”, gaineratu du taldeak.
470.000 pertsona hil dituzte Sirian, ia bost urteko gerra zibilean, think-tank Syrian Center for Policy Researchek argitaratutako txosten baten arabera. Konkretuki, “Siriako biztanleriaren % 11,5 hil edo zauritu dute gatazka armatuan”, testuak azaldu duenez.