Mundua -
AEB
Osasun erreforma azaltzeko bira bat hasiko du Obamak
Erreformaren kontrako salaketak prestatzen ari direla iragarri dute gutxienez AEBetako 12 estatutako fiskal nagusiek.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak gaur iragarri duenez, osasun erreforma azaltzeko bira bat egingo du AEBetan, azaroko hauteskunde legegileen aurrean. Bien bitartean, erreformaren kontra salaketak aurkeztuko dituzte 12 estatuk, "Konstituzioaren aurkako eraso bat delako".
Etxe Zuriaren arabera, 1965etik egin den osasun erreformarik handiena sinatuko du asteartean Obamak, baina Senatuan lege-proiektuaren azken aldaketak onartu arte ez da amaituko prozesu legegilea. Aste honetan gerta liteke hori.
Sinaduraren ostean, kontzientziazio kanpaina hasiko du Obamak Amerikako Estatu Batuetan, iritzi publikoari erreforma "saltzeko" hauteskundeen aurrean.
Hala ere, erreformaren kontrako salaketak prestatzen ari direla iragarri dute gaur gutxienez AEBetako 12 estatutako fiskal nagusiek.
Estatu kritikoak
Florida, Hego Karolina, Alabama, Nebraska, Texas, Oklahoma, Pensilvania, Washington, Utah, Ipar Dakota, Hego Dakota eta Virginiako estatuak erreformarekin kritikoak dira.
Onartutako legea "Konstituzioaren aurkako eraso" bat dela adierazi du Henry McMaster Hego Karolinako fiskal nagusiak.
Osasun sistemak 2019an 32 milioi pertsona gehiago estaltzea lortu eta gastuak murriztu nahi ditu erreformak. Era berean, aseguru-etxeei betebehar gehiago ezartzen dizkie.