Mundua -

AEB

Kongresuak onartu egin du Obamaren osasun erreforma historikoa

AEBetako presidenteak arrakasta izan du bere aurrekoek porrot egin zuten arloan, osasun sisteman alegia, erreforma leundu behar izan badu ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentea historian sartu da gaur, Ordezkarien Ganberak haren osasun erreforma onartu egin baitu.

Erreforma haren proiektu izarra zen, Presidentetzara heldu zenetik haren agendan gehien agertu den gaia, baina azkenean onartutakoa ez da hasieran nahi zuena. Izan ere, leundu behar izan du Kongresuak onartu ahal izateko.

Azkenean ez da aseguru mediku unibertsalik egongo, baina erreformak orain asegururik ez duten 30 milioi pertsonari inguru emango die osasun zerbitzua.

Beste hainbat berritasunen artean, erreformak debekatu egingo die aseguru-etxeei gaixo dauden pertsonei asegurua ukatzea.

Bozketa 22:49an (03:49 Euskadin) egin dute. 219 kongresistak alde egin dute (beharrezkoak ziren 216ak baino hiru gehiago), eta 212k aurka. Errepublikano guztiek kontra bozkatu dute, eta 30 demokratak ere.

Senatuak abenduan eman zion oniritzia. Beraz, orain Obamak testua sinatu baino ez du egin behar, Lege bihurtzeko.

Lehen bozketa egin eta ordu erdira, Behe Ganberak zuzenketa batzuk onartu ditu. Zuzenketok Senatura pasatuko dira orain, eta baliteke ostiralean edo larunbatean bozkatzea. Dena dela, arazo barik egingo dute aurrera.

Obama: "Halakoa da aldaketa"

Barack Obamak Etxe Zuriko Roosevelt aretotik jarraitu du bozketa, 40 funtzionariorekin batera, eta txaloka hasi da kongresistek argi berdea eman diotenean erreformari.

Ondoren, kazetarien aurrean egindako adierazpen batean, Obamak esan du "askoren ametsak" bete dituztela erreformari baietza emanez.

"Gauza handiak egiteko gai garela erakutsi dugu gaur. [...] Halakoa da aldaketa", adierazi du presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea