Mundua -
Bisita ofiziala
Israelen blokeoa "onartezina" da Ban Ki Moonen ustez
NBEko idazkari nagusiak hesiak "sufrimendua areagotu eta herritarren bizimodua gogortzen" duela adierazi du. Netanyahuren arabera, "Jerusalemen eraikitzea Tel Aviven egitea bezala da".
Erredakzioa
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Gazan adierazi duenez, Israelek palestinarrei egindako blokeoa "onartezina eta alferrikakoa" da. Blokeoarekin "ezin dira oinarrizko ondasunak ezta eraikuntza materialak sartu eremuan".
Gazatik, Ban Ki Moonek blokeoak "sufrimendua areagotu eta herritarren bizimodua gogortzen" duela azpimarratu du.
NBEko agintari nagusiaren arabera, bere bi eguneko bisitako azken jardunaldian, politika horrek "moderatuak ahuldu eta muturrekoak berpiztu egiten ditu. Kontrabandoa eta legez kanpoko komertzioa ere bultzatzen du".
Netanyahu AEBetara
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "Jerusalemen eraikitzea Tel Aviven egitea bezalakoa" dela ziurtatu du gaur, AEBetara bidaiatu baino ordu batzuk lehenago, hiriaren ekialdean eremu okupatuan kolonia judu bat handitzeagatik sortutako krisiaren ostean.
Lehen ministro israeldarrak adierazi duenez, "AEBetan egingo duen bisitan Israelen mezua argia izan behar da: Jerusalemen, gure eraikuntza politika azken 42 urteetako berdina da".
AEBetan bakea, segurtasuna, Iran eta Jerusalemi buruz hitz egingo du agintari israeldarrak Barack Obamaren Administrazioaren ordezkariekin.
Beste bi biktima
Bi palestinar hil egin dituzte tiroz soldadu israeldarrek Napsulsatik hurbil, okupatutako Cisjordanian. Dagoeneko lau dira Israelgo Armadak hildako palestinarrak eremu berean atzo izandako istiluen ostean.
Armada israeldarraren bozeramalearen arabera, bi hildakoek "soldadu bati labankada bat ematen saiatu dira Napsula hegoaldean patruilatzen zegoela".
Lekuko batzuek, aldiz, biktimak nekazari palestinarrak zirela adierazi dute. Soldaduek tiro egin diete, mugara hurbiltzerakoan lelo politikoak oihukatzen zeudelako.