Mundua -
Dronen bonbardaketa
AEBek Al-Qaidako buruzagi bat hil dute Yemenen
Yalal Blaidi eta Al-Qaidako beste bost kide hil dituzte Shebuako probintzian, Yemengo hegoaldean. Gorpuak kiskali ditu bonbardaketak.
Agentziak | Erredakzioa
Yala Blaidi Arabiar Penintsulako Al-Qaidaren (AQPA) buruzagietako bat eta beste bost kide hil dituzte gaur AEBek bonbardaketa batean, Shebuako probintzian, Yemengo hegoaldean.
Drone batek bi misil jaurti ditu sei kideak zeramatzan ibilgailu militarraren aurka Habanen, segurtasuneko iturriek azaldu dutenez.
Gorpuak kiskali dituzte eta Blaidiren jaioterrira, Zinyibarrera (Abian probintziako hiriburua), eraman dituzte bertan hobiratzeko.
14 soldaduren bahiketa eta hilketa
Blaidi, Hamaza Zinyibari, buruzagi gaztea zen eta azken bi urteetan zeresana eman du; izan ere, Yemengo Armadaren aurkako operazio odoltsuak zuzendu ditu, besteak beste, 14 soldadu bahitu zituen 2014ko abuztuan, Hadramuteko probintzian, eta ondoren lepoa moztu zien.
Hilketarekin kolpe latza jaso du Arabiar Penintsulako Al-Qaidak. Iragan ekainean Naser al Wahishi buruzagi nagusia hil zuten Al Mukala hiriaren kontrako erasoan.
Al Mukala Hadramuteko hiriburua da herrialdeko hego-ekialdean. Hiria talde terroristaren kontrolpean dago. Gainera, duela hiru egun Azzan hiria bereganatu zuen Al-Qaidak, Shebuako gotorleku nagusia.