Mundua -

Bisita ofiziala

Ban Ki Moonek israeldarren kokalekuak legez kanpokoak direla dio

Israelen egindako bisitan, NBEko idazkari orokorrak bake elkarrizketak "lehenbailehen" hastea eta kokalekuen aktibitateak etetea eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ban ki Moon NBEko idazkari orokorrak "kokaleku israeldarren aktibitatea okupatutako lurraldearen edozein gunetan legez kanpokoa dela eta eten egin behar" dela adierazi du Israelen egindako bisitan.

NBEko agintariak bi eguneko bisita egingo du lurraldean, palestinar eta israeldarren arteko bake prozesua berreskuratzeko asmoarekin. Ramalan Salam Fayad lehen ministro palestinarrarekin bildu da eta israeldarrek eraikitako horma aztertu dute.

Fayadek azaldu duenez, hormaren ibilbideak dituen 710 kilometroetatik 400 baino gehiago eraiki dituzte dagoeneko.

Ki Moonek bake elkarrizketa "lehenbailehen" hastea eskatu du eta Israelgo kolonizazioa horretarako oztopoa dela adierazi du.

Palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketa geldirik dago 2008ko abenduan Israelek Gaza eraso eta 1.400 palestinar hil ostean, gehienak zibilak.

NBEko idazkari orokorrak duela lau urte baino gehiago Gazan ezarritako blokeoa kentzeko eta kartzeletan dituen 10.000 preso palestinarretatik zenbait askatzea ere eskatu du. Bi herrialdeen arteko konfidantza berrezartzeko "urrats positiboa" dela adierazi du Ki Moonek.

Bihar Gazako zerrenda bisitatuko du eta bertan NBEko zenbait agentzietako ordezkariekin bilduko da eta proiektu humanitarioak aztertuko ditu.

Gatazkak Jerusalem Ekialdean

Armada israeldarrak gazte palestinar bat hil eta beste bat zauritu egin ditu Iraq Burin herrixkan, Nalupsa hiritik hurbil, Cisjordaniako iparraldean.

Biktimak 16 urte zituen eta ospitalera auto partikular batean eraman dute baina bertan hil egin da.

Lekuko batzuen arabera, Israelgo soldaduek Iraq Buringo herritarren kontra tiro egin dute, kolono judu batzuen kontra liskarrak zituzten bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea