Mundua -
Elur ekaitza
Elur ekaitzak New Yorkeko zirkulazioa geldiarazi du
New Yorkeko estatuak larrialdi egoera ezarri du eta beren ibilgailuak ez erabiltzeko deia egin die herritarrei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andrew Cuomo New York estatuko gobernadoreak larrialdi egoera ezarri du eta beren ibilgailua ez erabiltzeko eskatu die herritarrei, eskualdeari eragiten dion elur ekaitza tarteko. Halaber, larunbat eguerditik ez da autobus zerbitzurik izango.
"Ekaitz garrantzitsua da eta egoera arriskutsua da", adierazi du Cuomok agiri ofizial batean. "Zirkulazioa bermatzeko eta garraio publikoaren funtzionamendua bermatzeko gure esku dagoen guztia egiten ari gara, baina beharrezkoa ez bada ez bidaiatzea eskatzen dugu", ohartarazi du.
Hori dela eta, "etxean, epelean", gelditzeko eta "larrialdi zerbitzuetako langileei lan egiten uzteko" eskatu die herritarrei. Ildo horretan, azpimarratu du 1.800 pertsona ari direla lanean metroak funtzionatzea bermatzeko eta Guardia Nazionaleko 600 kide, elurra kentzeko 600 makina eta 150.000 tona gatz ere prest daudela gaineratu du.
New York. Argazkia: EFE
"Errepideak oso-oso gaizki daude", ziurtatu du Cuomo gobernadoreak NY1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan. "Orain arte guztia martxan dago. Etor daitekeenari aurre egiteko prest gaude", azpimarratu du.
Elur ekaitzaren ondorioz, 60 zentimetro elur pilatu dira eta, gainera, litekeena da datozen orduotan kostaldean uholdeak izatea. Hala, dagoeneko ura Ocean City hiriko kaleetara sartu da.
Agintarien aurreikuspenen arabera, elurte handiak izango dira asteburu osoan eta 50 eta 65 km/h bitarteko haize-boladak.