Mundua -
Eraso matxistak
Kolonian gertatutakoa 'erabat onartezina' da, Merkelen iritzian
Araudia gogortzeko eta kalean polizia gehiago jartzeko prest agertu da Alemaniako kantzilerra.
Agentziak | Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren iritzian, Kolonian Urte zahar gauean mila bat gizonek hamarnaka emakumeri egindako sexu-erasoak "erabat onartezinak" dira; hala, gertatutakoa argitu eta errudunak zigortzeko deia egin du.
Guztira, 121 salaketa aurkeztu dituzte, gehienak sexu-erasoengatik. Koloniako katedralaren eta tren geltokiaren inguruan jazo ziren eraso matxistok. Edanda zeuden mila bat gizonek, jatorri "arabiar edo afrikarrekoak", modu koordinatuan egin zuten emakumeen kontra. "Gabon zahar gauean gertatutakoa erabat onartezina da", nabarmendu du Merkelek Dacian Ciolos Errumaniako lehen ministroarekin bilera egin ondotik eskainitako prentsaurrekoan.
Erasoon aurrean erantzun irmo eta zorrotza eman behar dela uste du Merkelek. Beharrezkoa balitz, araudia gogortzeko prest agertu da kantzilerra, edota kalean polizia gehiago jartzeko. "Kultura ezberdinen artean egon beharreko bizikidetzari buruz hitz egiten jarraitu beharko genuke. Herritarrek espero dute hitzetatik ekintzetara pasatu behar garela", adierazi du.
Merkelen aburuz, delituren bat egin duten atzerritarrak erbesteratzeko politikak berrikusi behar dira, horrela, "mezu argia bidaliko diegu delitugileei; gure araudiaren mugak aldatzen badakigula erakutsiko diegu".
Poliziaren jarrera, jomuga
Ozenak izaten ari dira, bestalde, urte zahar gauean Koloniako agenteek izandako jarrerari zuzendutako kritikak. Atzo bertan poliziaren barne-txosten bat filtratu zuten hainbat hedabidek, agintarien bertsioa kontrajarriz.
Agintariek orain arte argudiatu dutenez, ez ziren Gabon zahar gauean jazotakoaren garrantziaz jabetu harik eta, hiruzpalau egun geroago, salaketak jasotzen hasi ziren arte.
Gau hartan arduradun gisa jardun zuen poliziaren arabera, ordea, egoera "kaotikoa eta lotsagarria" izan zen: "Emakume asko, zenbait inolako laguntza gabe, erasotzaileek osatutako pasalekuen erditik igaro behar izan ziren. Ez da onargarria", idatzi zuen txostenean.