Mundua -

Frantzia

Gizon bat hil dute Parisen, polizia-etxe batera armatuta sartu ostean

18. auzoko polizia-etxe batera aizto batekin sartu da gizona, eta "Allah handia da" oihukatu du, Barne Ministerioaren arabera. Poliziak tiroz hil du.

Yihadista bat tiroz hil du Poliziak Parisko komisaldegi baten aurrean

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak Parisko polizia-etxe batera armatuta sartu den gizonezko bat hil du gaur, Frantziako hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez. Gertaera Goutte d'Or kaleko komisarian jazo da, 18. barrutian. Magrebeko eta Saharaz azpiko herritar asko bizi dira barruti horretan. Barne Ministerioak hasieran jakinarazi duenez, lehergaiak atzeman dizkiote hildako gizonari. Gerora zehaztu duenez, ordea, lehergaiok "faltsuak" ziren. Hori bai, gorpuan Estatu Islamikoaren ikurra zuen paper bat eta arabieraz idatzitako aldarrikapen bat atzeman dituztela  baieztatu du Ministerioak.

Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioaren bozeramaileak France Info irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, aizto bat eta "lehergailu gerriko bat izan zitekeena" zeramatzan gizonak, eta Allahu Akbar (Alla handia da!) oihukatu du. Brandeten esanetan, "agente bat zauritzen saiatu da" eta, berehala oldartu zaizkio gainerako poliziak. Tiroz hil dute. Bigarren elkarrizketa batean zehaztu duenez, ordea, gizonak zeramatzan lehergaiak "faltsuak" ziren.

Oraindik nahasia da oso Frantziako hiriburutik datorren informazioa.

Inguru guztia itxi du Poliziak, eta auzokoei etxean geratzeko eta leiho eta balkoietara ez hurbiltzeko gomendatu die.

"Goizegi da atentatu terrorista izan dela esateko. Zuhurtziaz jokatu behar dugu. Erasoa izan da", adierazi du Pierre-Henry Brandetek.

"Mehatxu terrorista benetan handia dela frogatzen du honek", esan du Brandet bozeramaileak. Hain justu, gaur da urtebete Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatua izan zela. 12 lagun hil zituzten erasoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Parisen? Eguneko albisteak