Mundua -
Alemania
Identifikatu dituzte Koloniako erasoen egileetako hiru
90 bat emakumek salatu dute lapurretak, jazarpenak eta gehiegikeriak jasan izana. Antza, 1.000 lagun inguruk eraso egin zuten Urtezahar gauean. Hiru identifikatu dituzte, baina ez dago atxiloturik.
Agentziak | Erredakzioa
Alemaniako Segurtasun Indarrek hiru pertsona identifikatu egin dituzte Kolonia Alemaniako hirian, Urtezahar gauean, emakumeen aurka egindako erasoetan parte hartu dutelakoan, Renania Ipar-Westfaliako Gobernuak jakinarazi duenez.
Izan ere, 90 bat emakumek salatu dute lapurretak, jazarpenak eta sexu-gehiegikeriak jasan izana. Antza denez, 1.000 gizonezko inguruk, hiri osoan zehar taldetan sakabanatuta, egin zituzten erasook. Wolfgang Albers Poliziako buruaren esanetan, lekukoen arabera, erasotzaileek "arabiarren edo ipar-frikarren" antza zuten, 18-35 urtekoak.
Asteazkenean, Ralf Jaeger Renania Ipar-Westfaliako Barne ministroak baieztatu duenez, nahiz eta ez duten inor atxilotu, hiru lagun identifikatu dituzte. Jaeger ez ditu ikerketen gaineko balorazioa egin nahi izan, baina aste honetan bertan txosten "sakona" izatea espero du.
150 bat pertsonek elkarretaratzea egin zuten atzo, asteartea, eraso oldearen aurka protesta egiteko, eta immigrazioa eta segurtasun eza lotzen dituztenak harrotu egin dira, horrezkero. Henriette Reker Koloniako alkateak ziurtatu egin du ez daudela zantzurik errefuxiatuen parte-hartzea probatutzat emateko.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere gaitzetsi egin ditu erasook.
Kritika oldea alkatearen aurka
Alkatea kritiken xede izan da azken orduotan, gutxi barru Kolonian ospatzekoak diren inauteriak direla eta, atzo egindako adierazpenengatik. Rekerrek hainbat "aholku" luzatu zien emakumeei "prest egiteko eta mehatxurik ez sentitzeko".
"Aukera ona da beti distantzia mantentzea, beso bat baino gehiagokoa. Eta pertsona ezezagunengana edo konfiantza handirik ez duten pertsonengana ez hurbiltzea", esan zuen alkateak. Gainera, taldeka mugitzea eta, jaiaren euforiak eramana, "batekin zein bestearekin" elkarrekin ez egotea gomendatu zuen.