Mundua -
Segurtasun Kontseilua
Akordioa NBEko Segurtasun Kontseiluan, Siriako gerrarekin amaitzeko
Segurtasun Kontseilua osatzen duten 15 herrialdeek bake prozesu bat abiatzea erabaki dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bost urte igaro dira Siriako gerra hasi zenetik, eta atzo Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu zuen Siriako gerrari amaiera emateko adostutako bide orria.
NBEko Segurtasun Kontseilua osatzen duten 15 herrialdeek Siriari buruzko ebazpena babestu zuten, aurreko hilean Vienan adostu zuten nazioarteko akordioan oinarrituta dagoena. Horren arabera, urtarrilean hasiko dira Siriako erregimenaren eta oposizioaren arteko bake elkarrizketak eta bi aldeek su etena bete beharko dute.
Gainera, akordio horrek sei hilabeteko epea ematen die bi aldeei trantsizioko Gobernu bat eratzeko eta 18 hilabetekoa, ostera, hauteskundeak deitzeko.
NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak Vienako akordioarekin alderatuta berritasun handirik ez badu ere, testuak berak Siriako gatazkaren aurrean herrialdeek egin duten norabide aldaketa erakusten du.
"Onartu berri dugun ebazpena mugarri da", adierazi du John Kerry AEBko Estatu idazkariak. Aldi berean, Kerryk azpimarratu du nazioarteko komunitatea gai izan dela, lehen aldiz, Siriako gatazkaren konponbidearen inguruan ados jartzeko.
Bestalde, Serguéi Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren hitzetan, akordioak "Sirian odola isurtzen jarraitzea eragozteko aparteko plataforma" sortzea ahalbidetuko du.
Hala eta guztiz ere, NBEren ebazpenak ez du zehazten zer gertatuko den Bachar Al Assad Siriako presidentearekin eta oposizioko zein taldek parte hartuko duten bake negoziazioetan.