Mundua -
Lurrikara
6,1 graduko erreplika batek ilunpean utzi ditu Txileko zenbait hiri
Hango 23:00etan izan da lurraren dardara eta ez du biktimarik eta kalte materialik eragin. Ozeano Barean izan du epizentroa, Valparaisotik 39 kilometrora.
Erredakzioa
Richter eskalan 6,1 graduko indarra izan duen lurrikara batek Txileko Santiago jo du bart, iragan asteburuan 8,8 graduko lurrikara batek gutxienez 800 hildako utzi ostean.
Lurraren dardarak ez du biktimarik eta kalte materialik eragin, baina ilunpean utzi du Lampa herriaren zati handi bat.
Lurrikararen epizentroa Ozeano Barean kokatu dute, Valparaisotik 39 kilometro hego-ekialdera, AEBetako Geologia Zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Azken hiru egunetako erreplika handienaren aurretik 5,6 graduko beste mugimendu bat atzeman dute.
Tsunami
Bestalde, Carmen Fernandez Onemiren (babes zibilaren erakundea) zuzendariak eta Edmundo Gonzalez Armadaren komandanteak elkarri leporatu diote herritarrei lurrikararen ondorengo tsunamiaz ez ohartaraztea.
Agiri batean, Txileko Armadak berretsi du larunbat goizaldean hiru tsunami alerta igorri zituela lurrikara izan eta minutu batzuetara.
Hala ere, akatsak onartu ditu gero tsunami alerta bertan behera utzi zuelako eta ardurak argitzeko lanean dihardutela esan du.
Gainera, Senatuan egindako agerraldi batean, Edmundo Perez Yoma Barne ministroak militarrei leporatu zien tragediaren aurrean berandu ekitea.
Etxeratzeko agindua
Patricio Rosende Txileko Barne idazkariordeak atzoko azken orduan jakinarazi zuenez, nahiz eta "ordena eta segurtasun publikoa normaltasunera itzuli" lurrikarak suntsitutako zenbait gunetan, etxeratzeko aginduak indarrean jarraituko du Maule eta Biobio eskualdeetan.
Arpilatzeei erantzute aldera, Txileko agintariek etxeratzeko agindua ezarri zuten astelehenean, Augusto Pinocheten diktaduraren ondoren lehenengo aldiz.