Mundua -

Velasco epailearen autoa

Chavez: "Ez diot ezer azaldu behar Zapaterori ezta beste inori ere"

Venezuelako presidenteak ukatu egin du ETA babesten dutela, eta Auzitegi Nazionalaren akusazioak "guztiz faltsuak" direla ziurtatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak adierazi du ez diola "ezer" azaldu behar "Zapaterori" ezta "planeta honetako inori ere" Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen autoari buruz. Izan ere, ETA-FARC ustezko aliantzari lagundu izana egotzi dio Velascok Caracaseko Gobernuari.

Hori horrela, Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroarekin hitz egin dezan eskatu dio Zapaterori, hark esan baitio Gobernuak eta Erregeak ez dutela zerikusirik salaketarekin. Chavezek Moratinosekin hitz egin zuen Zapaterok azalpenak eskatui baino lehen.

"Epaile horrek izan duen ondorio arduragabea dela-eta nire Gobernuari azalpenak eskatu nahi badizkio, gutun ofiziala igor dezala", gaineratu du.

Zapaterok astelehenean azaldu zuen dagozkien kudeaketak hasi zituela Caracasi azalpenak eskatzeko, eta azalpen horien arabera jokatuko zela.

Ukatu egin du ETA babesten duela

Chavezek guztiz ukatu du ETAri edo beste erakunde armatu bati lagundu izana. "ETA erakundea babesten dugula? Guztiz faltsua da", nabarmendu du.

"Erakunde horretako kideak izan ziren euskal herritar batzuk bizitzen direla hemen? Zergatik egin zuen akordio bat Carlos Andres Perezek Felipe Gonzalezekin, eta zen idatziz geratu?", gaineratu du. Izan ere, 1989an, garai hartan Espainiako eta Venezuelako gobernuburu zirenek akordio bat sinatu zuten, Aljerreko elkarrizketen baitan, Venezuelak ETAko ustezko 11 kide har zitzan.

"Gobernu honek ez ditu mugimendu terroristak babesten, eta ez ditu babestuko. Gure zeregina bakea eta adiskidetasuna da. Gure bataila, osasuna, hezkuntza, herriaren garapena eta munduko herrialde guztiekiko harreman onak", zehaztu du.

Velascoren autoa

Eloy Velasco epaileak ETAko eta FARCeko ustezko kide batzuk auzipetu zituen astelehenean, Espainian Kolonbiako Gobernuko hainbat goi-kargudunen aurka atentatuak egiteko elkarlanean egotea egotzita.

Auto horretan, Velascok ziurtatu zuen Venezuelako Gobernuak aliantza horri "lagundu" zion zantzuak daudela, auzipetuetako bat Arturo Cubillas, 1989an Venezuelara iritsi zen ETAko ustezko kide bat, baita.

Agiri batean, Venezuelako Gobernuak gogorarazi zuen Cubillas bi gobernuen arteko akordio baten ondorioz heldu zela herrialdera.

Cubillas emakume venezuelar batekin ezkonduta dago, eta zenbait kargu publikotan aritu da 1999an Hugo Chavez agintera heldu zenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea