Mundua -
Lurrikararen erreplika
Lurrikararen erreplika gogorrek beldurra eragin dute Txilen
Bestalde, 79 lagun erreskatatu dituzte Txilen eraitsitako eraikin batetik. Joan den larunbatean astindu zuen lurrikararen ondorioetatik ateratzeko lanean ari da Txile. Ia 800 lagun hil dira dagoeneko.
Erredakzioa
Lurrikararen erreplika gogor batzuek beldurra eragin dute Txilen. Concepcion hiriak sunami abisu faltsua jaso du Richter eskalan 5,9 graduko lurrikara izan ostean, Concepcioneko ipar-mendebaldetik 53 kilometrora.
Bestalde, 79 lagun erreskatatu dituzte suhiltzaileek Txileko Concepcion hirian eraitsitako eraikin batetik. Hirugarren hiri garrantzitsuena da Txilen eta joan den larunbateko 8,8 graduko lurrikaragatik kaltetuenetarikoa.
15 solairu eta 80 apartamentu dituen dorreko erreskate lanak larunbatean bertan hasi ziren Concepcionen. Eraikina txikituta gelditu zen lurrikararen ondorioz. Orain arte, 7 hildako aurkitu dituzte eraikin horretan eta 20 pertsona desagerturik daude, baliteke miatu gabe dauden 20 apartamentutan aurkitzea.
795 lagun hil dira Txileko lurrikararen eraginez. Concepcionen aipatutako eraikin hau kaltetuenetarikoa izan da.
Ildo horretan, badirudi lasaitasuna bueltatu dela Concepcion hirira. Azken egun hauetan lapurretei eta erasoei aurre egiteko Michelle Bachelet Gobernuburuak etxeratze-agindua ezarri behar izan du eta soldadu gehiago jarri ditu kalean.
Dena den, oraindik ez dira garbiketa eta berreraikitze lanak hasi Txileko toki kaltetuenetan.