Mundua -
Preso politikoak
Kubarekin elkarrizketak izango dituztela esan du Moratinosek
"Emaitzak lortzeko" modurik eragingarriena eta "eraikitzaileena" elkarrizketa dela errepikatu du Atzerri ministroak.
Erredakzioa
Kubarekin "elkarrizketa estrategia" mantenduko duela adierazi du gaur Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak, herrialdean giza eskubideak errespetatzea eta preso politikoak askatzea lortzeko bitarteko bezala.
"Emaitzak lortzeko" modurik eragingarriena eta "konstruktiboena" elkarrizketa dela errepikatu du Moratinosek. Orain arte kontzientzia presoak ziren lagun asko aske geratu dira "Espainiaren politika horri esker", ministroaren esanetan.
Espainiako ministroak Bakun (Azerbaijan) egin ditu adierazpenak, Elmar Mamediarov bertako Atzerri ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan. Kaukaso Estatuetatik bira egiten ari da Moratinos, Espainiaren EBko Presidentetza ordezkatuz.
Preso politikoen askatasuna
"Kuban bizi diren erreforma prozesuak laguntzeko" Espainiaren konpromisoa "indartu" behar da, Moratinosen hitzetan, "erreformek giza eskubideen arloan emaitzak izateko eta preso politikoak aske uztea lortzeko".
"Gure estrategia berdina da, gure mekanismoa ez da aldatu, elkarrizketa eta emaitzak lortzeko modurik konstruktiboena delako", azaldu du.
Raul Castroren Gobernuarekin harremana aldatzeko arrazoirik ez dagoela uste du Atzerri ministroak, "azken finean, nahi duguna, Kubaren eta Espainiairen arteko erlazioa eta kubatar guztien egoera hobetzea delako".