Mundua -

Bandalismoa ekiditeko

Txileko Gobernuak soldadu gehiago jarriko ditu kaleetan

Dagoeneko hildakoak 795 direla esan du Michelle Bachelet Txileko presidenteak, eta zaurituak 500 inguru, horietatik ehun larri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bandalismoa ekiditeko soldadu gehiago jarriko ditu kaleetan Txileko Gobernuak. Iragan larunbatean lurrikarak kolpatu zituen udalerrietan bandalismoa nagusitu zen eta hori saihestu nahi du Exekutiboak. Bien bitartean, kaltetuentzako laguntza heltzen hasi da.

Poliziaren eta Armadaren buruzagiekin bildu ostean, bi indarrek "beharrezko den gogortasunarekin" ekingo dutela esan du gaur Michelle Bachelet Txileko presidenteak, arpilatzeak eta lapurretak ekiditeko.

Maule eta Biobio eskualdeetara 11.850 soldadu, Itsas Armadako 2.131 kide eta 50 aireontzi bidaliko dituztela iragarri du Baceheletek, aireko zubi bat, bi fragata eta gabarra bat ezartzeko.

Sebastian Piñera presidente hautetsiak, alkateek eta udaletako beste agintari batzuek Bachelet kritikatu dute soldaduak lehenago ez bidaltzeagatik.

Datozen 18 orduetan etxeratze-agindua ezarri dute Concepcion probintzian lapurretak ekiditeko.

Era berean, laguntza kaltetuengana heltzen hasi da. Gero eta azkarrago iristea espero dute, datozen egunetan Santiagotik hegoaldera doazen errepideak konpontzen joango direlako. Orain desbideratzeak eta beste neurri batzuek zirkulazioa motelago egiten dute.

Biktimen kopuruak gora

Bestalde, biktimen kopuruak gora egin du azken orduetan eta dagoeneko 795 dira hildakoak, presidenteak jakitera eman duenez.

Gainera, astearte honetan aurrenekoz, zaurituen berri eman dute eta 500 bat direla adierazi du Alvaro Erazo Osasun ministroak, horietatik ehun larri daudelarik. Lurrikarak utzitako kaltetuak bi milioi direla esan du ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea