Mundua -
Hauteskundeak Myanmarren
Myanmarren agintean dagoen alderdiak hauteskunde porrota onartu du
Oraindik emaitza ofizialak jakinarazi ez badituzte ere, emaitzak onartuko dituztela adierazi du egun agintean dagoen PUSD alderdiko buruak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Myanmarren agintean dagoen PUSD alderdiko buruak atzo herrialdean izan ziren Parlamenturako hauteskundeak galdu dituztela onartu du Reuters albiste-agentziari eskainitako elkarrizketan. Aung San Suu Kyi (Bakearen Nobel sariduna) buru duen LND Demokraziarako Liga Nazionalak irabazi omen ditu hauteskundeak, botoen % 80 eskuratuta.
"Galdu egin dugu", aitortu du Htay OO PUSD alderdiko jarduneko buruzagiak. Oraindik emaitza ofizialak jakinarazi ez badituzte ere, Htay Ook aurreratu du herriaren erabakia onartuko dutela eta beren porrotaren zergatiak argitzen saiatuko direla.
PUSD alderdiko buruzagia harrituta agertu da bereziki Hinthadako barrutian izandako emaitza txarrengatik, orain arte alderdiak babes zabala baitzuen nekazaritza herrietan. "Lan handia egin dugu lurralde horren alde, eta ez genuen emaitza hori espero", esan du Htay Ook. "Edozein kasutan, hori da herriaren erabakia", gaineratu du.
Oposizioa, ospakizunetan
Suu Kyi Myanmarko oposizioko burua haren jarraitzaileei mintzatu zaie LNDk Rangun hirian duen bulegoko balkoitik, eta pazientzia izateko eta emaitza ofizialen zain egoteko eskatu die herritarrei.
Hala ere, Win Htein LNDko bozeramaileak egintzat jo du haren alderdiaren garaipena. Suu Kyiren alderdiak botoen % 80 eskuratu omen ditu zazpi barrutitan, eta botoen % 65 baino gehiago, beste bitan.
Egunean zehar jakinaraziko dituzte lehendabiziko datuak, baina bihar arte itxaron beharko da atzoko hauteskundeen argazki garbiagoa izateko.
Atzo 30 milioi herritarrek parte hartu zuten hauteskundeetan, eta Myanmarko Indar Armatuek aurreratu dute errespetatu egingo dituztela hauteskundeetako emaitzak.