Mundua -
Errumania
Gutxienez 30 hildako Bukaresteko diskoteka batean izandako sutean
184 lagun zauritu dira, horietako asko larri. Zaurituen artean, bi euskal herritar daude; 21 urteko ikasle hernaniarra eta 22 urteko urdiaindarra. Biek kea arnastu dute, baina ondo daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 30 lagun hil eta beste 184 zauritu dira ostiral gauean Bukarest (Errumania) erdiguneko Colectiv diskotekan izandako leherketaren eta ondoren piztutako sutearen ondorioz. Zaurituen artean, bi euskal herritar daude. 21 urteko ikasle hernaniarra eta 22 urteko urdiaindarra. Biek kea arnastu izanaren ondorioak dituzte, baina ondo daude. Dena den, bizpahiru egun ospitalean igaro beharko dituzte badaezpadako neurri gisa.
Hildakoen kopuruak gora egin dezake ondorengo orduetan; izan ere, zaurituetako askok gorputzaren % 70 erreta daukate eta beste askok karbono monoxidoa arnastu dute. Larrialdietako zerbitzuek jakitera eman dutenez, "baliteke hildakoen kopurua bikoiztea", 30 zauritu baino gehiago egoera larrian baitaude.
Sutearen unean 400 lagun inguru zeuden dantzalekuan, guztiak ere Goodbye to Gravity musika taldearen disko berriaren aurkezpenera joanak.
Lehen zantzuen arabera eta Klaus Iohannis Erumaniako presidentearen esanetan, diskotekak segurtasun arauak urratu ei ditu. "Araudiak errespetatu ez direnaren zantzuak ditugu", adierazi du estatuburuak eta gaineratu du "arauak eta legea urratzearren" gertatu dela ezbeharra. "Agintariek lehenbailehen ikerketak amaitzea eta ondorioak mahai gainean izatea espero dut, biktimen senideei ezbeharraren zergatiak azaldu ahal izateko", zehaztu du. Bestalde, Errumaniako presidenteak haren atsekabea eta elkartasuna adierazi die biktimen senideei eta erakundeengan konfiantza izateko eskatu die. "Une eta garai tristeak dira gu guztiontzat, nazioarentzat eta niretzat", azaldu du haren Facebook orrian argitaratutako sarreran.
Errumaniako Pro TV telebista kateko Paul Angelescu kazetariak berri eman duenez, hainbat lekukok adierazi dute su artifizialak ikusi zituztela Colectiv dantzalekuan. CNN AEBko telebista katearen arabera, diskotekak sartzeko eta irteteko ate bakarra dauka. Bestalde, Colectiv diskotekak haren Facebookeko orrian iragarri zuen ikuskizun pirotekniko bat izango zela.
Kontzertua gaueko bederatzietan hasi zen (19:00 GMT) eta gaueko hamaikak aldera su artifizialak jaurti zituzten diskotekaren barruan. Lau minutu geroago, larrialdi zerbitzuek lehenengo deia jaso zuten suaren berri emateko eta laguntza eskatzeko, eta 23:05 aldera iritsi ziren lehendabiziko anbulantziak ezbeharraren tokira.
Bestalde, Gabriel Oprea Errumaniako lehen ministro ordeak iragarri duenez, ikerketa bat zabalduko dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Errumaniako Gobernuak hiru dolu egun ezarri zituen larunbatean, biktimen omenez.