Mundua -

Turkia

Turkia, historiako atentaturik odoltsuenarenaren arduradunen bila

128 pertsona hil zituzten bakearen alde Ankaran izandako manifestazioan. Halaber, PKK alderdiak aldebakarreko su-etena agindu du, Turkiako hauteskundeak egin arte.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Jendea haserre atera da kalera, eta Poliziak euren kontra jo du

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiaren historiako atentaturik odoltsuenaren biharamunean, erasoaren atzean nor dagoen galdetzen diote turkiarrek beren buruari. Guztira, 128 pertsona hil zituzten bakearen alde Ankaran egindako manifestazio baten kontra jazotako erasoan. Inork ez du eraso suizida izan zena bere gain hartu eta atentatuaren atzean Estatu Islamikoa egon daitekeela iradoki dute Turkiako agintariek. Dena den, oraindik argitzeke dago erasoaren egiletza.

Turkiako segurtasun indarretako bi goi kargudunek igande honetan iradoki dute Estatu Islamikoa egon daitekeela Ankarako atentatuaren atzean.

Iturrietako baten esanetan, Ankarako erasoak uztailean Siriako mugatik gertu dagoen Suruç hirian izandako atentatuaren antza handia du. Uztaileko eraso hartan 33 pertsona hil zituzten, gehienak Siriako Kobani hirira berreraikitzera zihoazen boluntario kurduak. Inork ez zuen atentatu hori bere gain hartu, baina Estatu Islamikoari leporatzen diote. "Ankarako atentatua Suruçekoaren tankerakoa da eta, zantzu guztien arabera, atentatu haren kopia bat da (...). Aztarna guztiek Estatu Islamikora garamatzate", azaldu du iturriak.

Halaber, bigarren iturri batek baieztatu du "zantzu guztien arabera Estatu Islamikoak egindako atentatua dela. Estatu Islamikoan erabat kontzentratuta gaude".

Turkiaren historiako atentaturik odoltsuena

Selahattin Demirtas HDP Herrien Alderdi Demokratikoko presidentekideak adierazi duenez, dagoeneko 128 pertsona dira Ankarako atentatuaren ondorioz hildakoak. Alderdiak ohar bidez jakinarazi duenez, dagoeneko 120 gorpu identifikatu dituzte eta gainerako 8 lagunak identifikatzeko lanetan ari dira.

Halaber, Ankarako atentatuan zauritu ziren lagunen artetik 160k ospitaleratuta jarraitzen dute, horietako 65ek egoera kritikoan, iturri ofizialen arabera.

Turkiako Gobernuak atzo baieztatu zuenez, gutxienez 95 pertsona hil eta 246 zauritu ziren atzo Ankara erdigunean, geltoki nagusiaren alboan, izan zen atentatu bikoitzaren ondorioz. Gune hartan bakearen aldeko manifestazio bat egitekoa zen, sindikatuek eta mediku elkarte profesionalek deituta, Atentatua herrialdean sekula izan den okerrena izan da. Hala eman zuen ezagutzera Hurriyet egunkari turkiarrak, Ahmet Davutoglu lehen ministroaren bulegoaren krisialdietarako zentroak emandako datuak jaso zituenak.

turquía

turquía

Leherketa biak 10:05ean izan ziren, 'Bakea, lana eta demokrazia' lelopean antolatutako martxa abiatu baino bi ordu aurretik, Ankarako tren geltokitik gertu.

Atentatua jazo zen unean, 14.000 pertsona zeudela uste da geltoki inguruan, eguerdian egin behar zen elkarretaratze baketsua egin behar zen plazatik oso gertu hurbil baitago. Hortaz, hildako gehienak ekitaldi horretara joateko asmoa zuten pertsonak izango lirateke, eta horien artean kurduen aldekoa den Herriaren Alderdi Demokratikoko (HDP) hainbat jarraitzaile egongo lirateke.

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak adierazi zuenez, atentatuaren egileak bi suizida izango lirateke. Davutogluk ez dio ekintzaren erantzukizuna inongo erakunderi egotzi: "Ikerketan talde terrorista guztiak hartzen ari gara kontuan", besteak beste, Kurdistaneko Langileen Alderdia, Estatu Islamikoa, Al Qaeda eta Turkiako ezkerreko muturreko taldexkak.

turquía

turquía

Milaka lagunen parte hartzea espero zuten manifestazioaren helburua Turkiako erregio kurduetan izaten ari den indarkeria oldearen aurka protesta egitea zen.

Kurdistaneko Langileen Alderdiaren (PKK) eta Turkiako Armadaren arteko su-etena uztailean hautsi zenetik hamaika eraso, atentatu eta enfrentamendu izan dira eta ehunka lagun hil dira. Turkiako armadak bonbardaketak egin ditu herrialdearen hego-ekialdean eta Irakeko iparraldean; aldiz, errebelde kurduek segurtasun-indarren dozenaka kide eta zenbait zibil hil dituzte atentatu eta erasoetan.

turquía

turquía

Erdogan presidentearen gaitzespena

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek gaitzetsi egin zuen atentatua, eta bere helburua gure herrialdeko bakea izan zela salatu zuen.

Hiriburuko geltoki nagusian izandako leherketa bikoitzaren ondoren egin zituen lehendabiziko adierazpenetan, presidenteak elkartasunaren eta terrorismoaren aurrean ausardia azaltzearen aldeko deia egin zuen. Erdoganek ziurtatu zuenez, atentatuaren atzean daudenek Turkiako gizartea banatzeko asmoa dute. Horrez gain, gerrilla kurduak Turkiako soldaduen eta polizien aurka egindako erasoekin alderatu zuen gertatutakoa: "Ez da ezertan bereizten herritar errugabeen, funtzionarioen, polizien eta soldaduen kontrako ekintza terroristekin".

PKK alderdiak aldebakarreko su-etena agindu du, Turkiako hauteskundeak egin arte

Kurdistaneko Langileen Alderdiko (PKK) buruek atzo jakitera eman zutenez, aldebakarreko su-etena errespetatuko dute azaroaren batean Turkiako hauteskundeak egiten diren arte.

Firat agentzia kurduak ezagutzera emandako komunikatuak azaltzen duenaren arabera, PPK-ko militanteek "bertan behera utziko dituzte aurreikusita zituzten ekintzak, eta mugimendu oro saihestuko dute, euren buruak babesteko direnak salbu". Modu horretan, Turkiako gobernuak egindako salaketak ukatu nahi dituzte. Salaketa horiek gerrillak boto-emaileen segurtasuna arriskuan jartzen duela zioten.

"Gure indarrak ez dira saiatuko hauteskunde justu eta bidezko batzuk egin daitezela oztopatzen", zioen oharrak. Erabaki hori Turkia barrutik eta kanpotik jaso dituzten hainbat deiren ondotik hartu dute.

Nahiz eta iragarpena Ankarako atentatua gertatu ondoren egin, su-etena iragartzeko erabakia aspalditik eztabaidatzen egon dira PPK-ren buruen artean. Hala baieztatu zioten Efe agentziari aktibismo kurdutik gertu dauden iturriek.

"Bateratuta egoteko" eskatu die EBk turkiarrei

Europar Batasunak (EB) terrorismoaren eta herrialdea ezegonkortu nahi duten ororen aurka "bateratuta egoteko" eskatu die turkiarrei eta alderdi politikoei, Ankarako atentatuaren ondoren.

"Turkiarrek eta alderdi politikoek batera egon behar dute terroristen eta herrialdea ezegonkortu nahi duten ororen aurrean", adierazi zuten Federica Mogherini-k eta Johannes Hahn-ek, Europako diplomaziaren nagusia eta Bizikidetza Politika eta Hedapen Negoziaketetarako Europako komisarioa, hurrenez hurren.

Ehunka herritar batu dira Istanbulen, Ankarako atentatua errefusatzeko

Ehunka manifestari atera ziren atzo arratsaldean Istanbuleko kaleetara, atentatuan Turkiako Estatuaren ustezko parte-hartzea salatzeko. Parte-hartzaileek Taksim plazara arteko ibilbidea egiten saiatu ziren era honetako esaldiak oihukatuz: "Erdogan, dimiti ezazu" edota "AKP, hiltzaile". Hau da, Recep Tayyip Erdogani eta bere Justizia eta Garapena Alderdiari erreferentzia egiten zioten.

Ibilbidean zehar polizia egon zen ingurumarietan, baita ur-kanoiak zituzten kamioiak ere, baina ez zituzten erabili. Aitzitik, Poliziak ez zien utzi Taksim plazara sartzen, Gobernuaren aurka 2013ko udan egin ziren protesten gune esanguratsua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Atentatuak argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Turkia berriak Ekialde Hurbila