Mundua -

Turkia

97 hildako Ankaran, bakearen aldeko martxa batean izandako atentatuan

Horrez gain, beste 246 pertsonak zauriak izan dituzte, eta horietako 48 zainketa intentsiboan daude. Halaber, PKK alderdiak aldebakarreko su-etena agindu du, Turkiako hauteskundeak egin arte.

Turkiako lehen ministroak hiru dolu egun ezarri ditu

2:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Gobernuak baieztatu duenaren arabera, gutxienez 97 pertsona hil dira eta 246 zauritu gaur Ankara erdigunean, geltoki nagusiaren alboan, izan den atentatu bikoitzaren ondorioz. Gune hartan bakearen aldeko manifestazio bat egitekoa zen, sindikatuek eta mediku elkarte profesionalek deituta, Atentatua herrialdean sekula izan den okerrena izan da, eta haren eraginez beste 246 pertsonak zauriak jaso dituzte (horietako 48 zainketa intentsiboan daude). Hala eman du ezagutzera Hurriyet egunkari turkiarrak, Ahmet Davutoglu lehen ministroaren bulegoaren krisialdietarako zentroak emandako datuak jaso dituenak.

turquía

Leherketa biakk 10:05ean izan dira, 'Bakea, lana eta demokrazia' lelopean antolatutako martxa abiatu baino bi ordu aurretik, Ankarako tren geltokitik gertu.

Atentatua jazo den unean, 14.000 pertsona zeudela uste da geltoki inguruan, eguerdian egin behar zen elkarretaratze baketsua egin behar zen plazatik oso gertu hurbil baitago. Hortaz, hildako gehienak ekitaldi horretara joateko asmoa zuten pertsonak izango lirateke, eta horien artean kurduen aldekoa den Herriaren Alderdi Demokratikoko (HDP) hainbat jarraitzaile egongo lirateke.

Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak adierazi duenaren arabera, atentatuaren egileak bi suizida izango lirateke. Davutogluk ez dio ekintzaren erantzukizuna inongo erakunderi egotzi: "Ikerketan talde terrorista guztiak hartzen ari gara kontuan", besteak beste, Kurdistaneko Langileen Alderdia, Estatu Islamikoa, Al Qaeda eta Turkiako ezkerreko muturreko taldexkak.

turquía

Milaka lagunen parte hartzea espero zuten manifestazioaren helburua Turkiako erregio kurduetan izaten ari den indarkeria oldearen aurka protesta egitea zen.

Kurdistaneko Langileen Alderdiaren (PKK) eta Turkiako Armadaren arteko su-etena uztailean hautsi zenetik hamaika eraso, atentatu eta enfrentamendu izan dira eta ehunka lagun hil dira. Turkiako armadak bonbardaketak egin ditu herrialdearen hego-ekialdean eta Irakeko iparraldean; aldiz, errebelde kurduek segurtasun-indarren dozenaka kide eta zenbait zibil hil dituzte atentatu eta erasoetan.

turquía

Erdogan presidentearen gaitzespena

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek gaitzetsi egin du atentatua, eta bere helburua gure herrialdeko bakea izan dela salatu du.

Hiriburuko geltoki nagusian izandako leherketa bikoitzaren ondoren egin dituen lehendabiziko adierazpenetan, presidenteak elkartasunaren eta terrorismoaren aurrean ausardia azaltzearen aldeko deia egin du. Erdoganek ziurtatu duenez, atentatuaren atzean daudenek Turkiako gizartea banatzeko asmoa dute. Horrez gain, gerrilla kurduak Turkiako soldaduen eta polizien aurka egindako erasoekin alderatu du gertatutakoa: "Ez da ezertan bereizten herritar errugabeen, funtzionarioen, polizien eta soldaduen kontrako ekintza terroristekin".

PKK alderdiak aldebakarreko su-etena agindu du, Turkiako hauteskundeak egin arte

Kurdistaneko Langileen Alderdiko (PKK) buruek gaur jakitera eman dutenez, aldebakarreko su-etena errespetatuko dute azaroaren batean Turkiako hauteskundeak egiten diren arte.

Firat agentzia kurduak ezagutzera emandako komunikatuak azaltzen duenaren arabera, PPK-ko militanteek "bertan behera utziko dituzte aurreikusita zituzten ekintzak, eta mugimendu oro saihestuko dute, euren buruak babesteko direnak salbu". Modu horretan, Turkiako gobernuak egindako salaketak ukatu nahi dituzte. Salaketa horiek gerrillak boto-emaileen segurtasuna arriskuan jartzen duela zioten.

"Gure indarrak ez dira saiatuko hauteskunde justu eta bidezko batzuk egin daitezela oztopatzen", agintzen du oharrak. Erabaki hori Turkia barrutik eta kanpotik jaso dituzten hainbat deiren ondotik hartu dute.

Nahiz eta iragarpena Ankarako atentatua gertatu ondoren egin, su-etena iragartzeko erabakia aspalditik eztabaidatzen egon dira PPK-ren buruen artean. Hala baieztatu diote Efe agentziari aktibismo kurdutik gertu dauden iturriek.

PPK-ko lau kide eta polizia bat hil dira Turkiako hego-ekialdean

Gutxienez PPK-ko lau kide eta polizia bat hil dira Turkia hegoekialdean azken orduetan geratu diren atentatu eta erasoetan, tokiko agintariek jakinarazi dutenez.

Polizia ostiralean hil zen Diyarbakir izeneko probintzian PKK-rekin izandako enfrentamenduetan, Hurriyet egunkari turkiarrak jasotzen duenez. Bestalde, PPK-ko hiru kide hil dira Hakkari eskualdean egindako operazio militarretan. Adiyaman probintzian ere beste miliziano bat hil da han egindako beste operazio batean.

"Bateratuta egoteko" eskatu die EBk turkiarrei

Europar Batasunak (EB) terrorismoaren eta herrialdea ezegonkortu nahi duten ororen aurka "bateratuta egoteko" eskatu die turkiarrei eta alderdi politikoei, Ankaran bakearen aldeko martxa baten kontra izan den atentatuaren ondoren.

"Turkiarrek eta alderdi politikoek batera egon behar dute terroristen eta herrialdea ezegonkortu nahi duten ororen aurrean", adierazi dute Federica Mogherini-k eta Johannes Hahn-ek, Europako diplomaziaren nagusia eta Bizikidetza Politika eta Hedapen Negoziaketetarako Europako komisarioa, hurrenez hurren.

Espainiako Gobernuak ere atentatua gaitzetsi du

Espainiako Gobernuak, Kanpo Arazoetako Ministerioak hedatu duen komunikatu baten bidez, Ankarako atentatua gaitzetsi du, eta espero du egileak ahalik eta azkarren eramango dituztela justiziaren aurrera.

"Espero dugu egintza kriminalaren egileak ahalik eta azkarren eramango dituztela justiziaren aurrera", adierazi du Gobernuak. Horrez gain, hildakoen senitartekoei eta gertukoei doluminak bidali dizkie, eta zaurituak ahalik eta arinen sendatzea itxaroten du.

Ehunka herritar batu dira Istanbulen, Ankarako atentatua errefusatzeko

Ehunka manifestari atera dira gaur arratsaldean Istanbuleko kaleetara, atentatuan Turkiako Estatuaren ustezko parte-hartzea salatzeko. Parte-hartzaileek Taksim plazara arteko ibilbidea egiten saiatu dira era honetako esaldiak oihukatuz: "Erdogan, dimiti ezazu" edota "AKP, hiltzaile". Hau da, Recep Tayyip Erdogani eta bere Justizia eta Garapena Alderdiari erreferentzia egiten zioten.

Ibilbidean zehar polizia egon da ingurumarietan, baita ur-kanoiak zituzten kamioiak ere, baina ez dituzte erabili. Aitzitik, Poliziak ez die utzi Taksim plazara sartzen, Gobernuaren aurka 2013ko udan egin ziren protesten gune esanguratsua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken ordukoa