Mundua -

Haustekundeak

Portugalek babesa eman dio berriro Passos Coelhori

Sozialdemokraten eta demokristauen arteko koalizioak ez du gehiengo absoluturik lortu. Botoen % 39 eskuratu dituzte horiek, eta bozen % 32, sozialistek. Abstentzioa % 40tik gorakoa izan da.

Pedro Passos Coelho eta Paulo Portas. Argazkia: EFE
Pedro Passos Coelho eta Paulo Portas. Argazkia: EFE
Gutxiengoan gobernatzeko prest agertu da Pasos Coelho

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Passos Coelho lehen ministro kontserbadorearen koalizioak garaipena lortu du Portugalgo hauteskundeetan, baina iragan legealdian izandako gehiengo absolutua kendu diote. Horrek zaildu egingo du herrialdearen gobernagarritasuna.

Sozialdemokraten eta demokristauen arteko koalizioak ez du gehiengo absoluturik lortu, botoen % 39 eskuratu baitituzte. Antonio Costaren sozialistek, aldiz, bozen % 32 lortu dituzte.

Passos Coelhoren garaipena garbia da. Duela astebete aurkari nagusiaren atzetik zegoen inkesta guztietan. Zenbaketak aurrera egin ahala, baina, aldea murrizten eta gehiengo osoa berriz eskuratzeko aukera urruntzen joan da.

Buruzagi kontserbadoreak garaipena lortu du aurreko legealdian murrizketa latzak aplikatu ondoren. Troikaren aginduak betez, Passos Coelhoren gobernuak murrizketak jarri zituen martxan 2011n, EBren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskatea jasotzeko.

Ia 600.000 boto gutxiago

Hala ere, koalizioaren boto galera bistakoa da; izan ere, 2011ko hauteskundeetan bozen % 50 eskuratu zituzten sozialdemokratek eta demokristauek, eta ia 2,1 milioi boto lortu ditu oraingoan koalizio kontserbadoreak, aurreko hauteskundeetan baino ia 600.000 boto gutxiago.

Abstentzioaren tasa ere esanguratsua izan da. Behin-behineko datuen arabera, abstentzioa % 40tik gorakoa izan da.

Bestalde, Ezkerreko Blokeak gora egin du nabarmen. Horrela, Alderdi Komunista (botoen % 8 lortu ditu ia) gainditu du eta hirugarren indarrik bozkatuena da, bozen % 10 lortuta.

Gutxiengoan gobernatu

Gobernua osatzeko zailtasunak areagotu egin dituzte hauteskundeek, eta egonkortasuna zalantzan jarri dute.

Teorikoki, Alderdi Sozialistaren, Ezkerreko Blokearen (Podemosekin eta Syrizarekin senidetuta dago Europako Parlamentuan) eta Alderdi Komunistaren arteko hiruko gobernu batek koalizio kontserbadoreak baino diputatu gehiago izango lituzke, baina, dirudienez, nekez lortuko dute akordioren bat.

Hipotesi egingarriena Passos Coelhok zuzenduko lukeen gobernu bat sortzea izango litzateke, gutxiengoan bada ere. Hala ere, azken aurrekariak zapore txarra utzi zuen Portugalen.

2009tik 2011ra, Jose Socrates lehen ministro sozialistak dimisioa eman zuen Passos Coelhoren babesa galdu ondoren.

Gobernu berria osatzeko borondatea azaldu du Passos Coelhok dagoeneko. Diputatu kopururik handiena duen indar politikoak ez gobernatzea “bitxia” izango litzatekeela adierazi du emaitzen berri izan ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak