Mundua -
Erromesaldia
700 erromes hil dira Mekara bidean, jende-olde batek harrapatuta
Zauritutakoak 800 baino gehiago dira. Jendetza pilatuta zegoen gune batera erromes oldea sartu da, eta horrek eragin du hondamendia.
agentziak | erredakzioa
Orduek aurrera egin ahala, gora doa biktimen kopurua. Azken datuen arabera, 717 lagun hil dira eta 800 baino gehiago zauritu Mekara bidean zihoazenean, jende-olde batek harrapatuta. Hiru milioi pertsona inguru elkartuko dira erritu musulmanean parte hartzeko.
Ezbeharra Mina inguruan gertatu da, Mekatik 15 bat kilometrora, Saudi Arabian 07:00ak zirenean (04:00 GMT). Saudi Arabiako Babes Zibilaren arabera, jendetza pilatuta zegoen gune batera erromes oldea sartu da, eta horrek eragin du hondamendia.
Era berean, erromesak taldetan banatu eta bide alternatiboetatik bideratu dituztela jakinarazi du, eta 4.000 pertsona eta 200 anbulantzia aritu direla erreskate operazioan.
Ezbeharra gertatu denean, deabruaren tentazioak irudikatzen dituzten hiru zutabeen harrikatzean parte hartzera zihoazen fededunak.
Irailaren 11n, 107 fededun hil eta 238 zauritu ziren Mekako Meskita Handian, erromesaldia amaitzen den lekuan, garabi bat erorita.