Mundua -

Erasoa

Bruselak ez du Schengen eremua kolokan jartzeko neurririk hartuko

Gainera, urrira atzeratu du trenetako segurtasuna indartzeko neurrien inguruko erabakia.

Shengen Eremuko joan-etorrien askatasuna kolokan

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak gogor gaitzetsi du aurreko ostiralean Thalys trenean izandako erasoa, baina argi adierazi du mugarik gabeko Schengen eremua ez duela zalantzan jarriko. Hala, gertakariaren inguruko "presazko ondoriorik" ez ateratzea eskatu, eta urrira atzeratu du trenetako segurtasuna indartzeko neurrien inguruko erabakia.

"Ostiralean Thalysen izan zen atentatuak, zoritxarrez, berriro uzten du agerian terrorismoa mehatxua dela Europako segurtasunarentzat. Batzordeak irmo gaitzesten ditu ekintza terrorista eta indarkeria anker hori", adierazi du prentsaurreko batean Alexander Winterstein Europako Batzordearen bozeramaileak. Era berean, bozeramaileak jakinarazi du Belgikako eta Frantziako agintariekin eta Europolekin harremanetan daudela, eta "gertutik" ari direla jarraitzen erasoaren inguruko ikerketak.

"Ez da presazko ondorioak ateratzeko edo erantzun oldarkorrak emateko garaia", azpimarratu du, Schengenen aldaketak edo behin behineko neurriak hartzearen inguruan galdetuta.

Thalyseko erasoaren ostean, Charles Michel Belgikako lehen ministroak Europako Garraio eta Barne ministroen bilera eskatu zuen, Schengenek ahalbidetzen duen zirkulazio librearen arauak egokitzeko neurriak aztertzeko, eta "nortasun eta ekipaje kontrolak orokortzea" proposatu zuen "nazioarteko tren bidaietan". Hala eta guztiz ere, argi adierazi nahi izan zuen helburua ez litzatekeela izango "askatasunak murriztea, baizik eta mehatxuari aurre egitea".

"Schengen da EBren lorpen handienetako bat, eta zirkulazio askatasuna oinarrizko eskubidea da. Ez dugu hori negoziatuko, eta batzordeak ez du hori aldatzeko inolako asmorik", gaineratu du prentsaurreko berean Christian Wigandek, beste bozeramaile batek.

Jakub Adamowicz eledunak, berriz, esan du EBren "borondate politikoa" dela "urriko Garraio Kontseiluan lege neurriak eztabaidatzea", eta ordura arte harremanak indartzea espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Europa Atentatuak