Mundua -

Luxenburgon, bilera

Akordiorako ia itxaropenik gabe batuko dira gaur Eurotaldea eta Grezia

Bileran, besteak beste, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak hartuko dute parte. 15:00etan abiatuko da hitzordua.

Milaka lagun kalera atera ziren atzo Atenasen, Tsiprasen Gobernuari babesa adieraztera. EFE.
Milaka lagun kalera atera ziren atzo Atenasen, Tsiprasen Gobernuari babesa adieraztera. EFE.
Milaka lagun kalera atera ziren atzo Atenasen, Tsiprasen Gobernuari babesa adieraztera. EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek eta Greziako Gobernuko buruzagiek bilera dute gaur Luxenburgon, 15:00etatik aurrera. Greziaren eta horren hartzekodunen arteko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude, eta egoera horri konponbidea ematea izango da gaurko helburuetako bat.

Greziako etorkizunari begira, bilera erabakigarria izango da. Besteak beste, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea izango da bertan.

Eurotaldearen iritzian, "greziarrren teilatuan dago pilota" eta, beraz, "akordioa lortzeko borondatea" erakutsi beharko du egoerari irtenbidea emateko. Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak esan duenez, akordiorako aukerak "eskasak" dira.

Zorrari aurre egiteko bidean, Alexis Tsiprasen gobernuaren eta hartzekodunen jarrerak oso urrunduta daude; BEZ zergaren eta pentsioen erreformaren inguruan, kasu, oso bestelako jarrerak dituzte biek. Greziak bi alor horiek ez ditu ukitu nahi, eta Eurotaldeak ezinbestekotzat jotzen du neurri zorrotzak hartzea, gastua murrizte aldera. Greziari emandako bigarren erreskatea luzatzeko aukera agortzeko bi aste bakarrik falta direnean egingo dute gaurko bilera.

Eurotaldearen arabera, denbora agortzen ari da, eta Atenasek bigarren erreskateko 7.200 milioi euroak hartzeko aukerak ere murrizten ari dira. Greziak ezinbestekotzat jo du Troikarekin eta Eurotaldeko kideekin akordioa erdiestea. Lortuz gero, hainbat herrialdetako parlamentuetan prozedurak abiatuko dira, erreskatea ordaintzeko epeak eta tresnak zehazteko.

Merkel: 'Oraindik ere posible da akordioa lortzea'

Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, "borondatea dagoenean, bidea aurkitu egiten da". Hortaz, Greziako agintariek "borondatea" erakutsiz gero, "akordioa" posible izango dela uste du Merkelek.

"Irlanda, Espainia, Portugal eta Zipren gertatu den moduan, Greziako herritarrek ere etorkizun hobea izatea nahi dugu", adierazi du.

Tsiprasi, babesa

Milaka lagun kalera atera ziren atzo Atenasen, Alexis Tsiprasen Gobernuari babesa adierazteko eta austeritate politikei azkena ematea eskatzeko.

Sare sozialen bidez egin zen elkarretaratzerako deialdia, "Akordioa gure esku har dezagun ? Austeritaterik ez" lelopean. 7.000 lagun inguru batu ziren Syntagma plazan, Parlamentuaren egoitzaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia