Mundua -
Urteurrena
Armeniarren genozidioaren mendeurrenean, Turkiak ukatzen jarraitzen du
Ehun urte beteko dira gaur Otomandar Inperioak armeniarren kontrako genozidioa abiatu zuenetik. Guztira, 1,5 milioi armeniar hil zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur egingo dute armeniarren genozidioaren 100. urteurrena gogoratzeko ekitaldi nagusia Tsitsernakaberd memoria zentroan, eta bertan izango dira Serge Sargsian, Vladimir Putin eta François Hollande (Armeniako, Errusiako eta Frantziako presidenteak, hurrenez hurren).
Otomandar Inperioak armeniarren kontra egindako genozidioan hildako 1,5 milioi biktimak kanonizatu zituen atzo Armeniako Eliza Apostolikoak.
XX. mendeko lehen genozidiotzat jo zuen Armeniakoa, duela gutxi, Frantzisko aita santuak. Eliza Katolikoaren buruzagiaren adierazpenek Turkiaren haserrea eragin zuen; izan ere, ez dute genozidioa aitortzen.
Biktima gehienak, horietako asko emakumeak eta haurrak, Siriako eta Irakeko basamortuetara deportatu nahi zituzten, baina gehienak bidean hil ziren. Atzoko saioan, "martiri" izendatu zituzten genozidioko biktimak.
Putin: Armeniako genozidioa "historiako tragikoenetako bat da"
Vladimir Putinek atzo adierazi zuenez, nazioarteak ezin du armeniarren genozidioaren pareko ekintzarik errepikatzen utzi. Haren esanetan, armeniarren genozidioa "gizateriaren historiako tragikoenetako bat da".
"1915eko apirilaren 25a data mingarria da, gizateriaren historiako gertaera izugarrienetako eta dramatikoenetako bat da", adierazi zuen Putinek Kremlingo webgunean argitaratutako mezu batean.
Errusiako buruzagiak bakea eta anaitasuna opatu zien Errusian bizi diren armeniarrei eta armeniar herriari. Halaber, azpimarratu zuen ezin dela justifikatu arrazoi etnikoengatik "hilketa jendetsuak" egitea.