Mundua -
Immigrazioa
Mediterraneoa zaintzeko aurrekontu-saila hirukoiztuko du EBk
Gainera, mafiek erabiltzen dituzten “ontziak atxiki eta deuseztatzeko” helburuarekin misio zibil baten aukerak aztertzea erabaki dute Europako buruzagiek.
Agentziak | Erredakzioa
Frontex Europako mugen kontrolerako Agentziaren ‘Tritoi’ eta ‘Poseidon’ operazioak finantzatzeko aurrekontu-saila “hirukoiztea” adostu dute gaur Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek. Helburua Mediterraneo itsasoa hobeto zaintzea eta etorkinen tragediak berriz gertatzea eragoztea da.
‘Tritoi’ operazioaren urteko aurrekontua 18,25 milioi eurokoa zen, hilean 2,9 milioi bat euro. 21 estatu kidek parte hartzen dute eta 65 lagunek lan egiten dute operazioan. Lau hegazkin, helikoptero bat, lau ontzi, patruilari bat eta beste bi ontzik parte hartzen dute.
Gainera, mafiek erabiltzen dituzten “ontziak atxiki eta deuseztatzeko” helburuarekin misio zibil baten aukerak aztertzea eskatu diote Europako buruzagiek Federica Mogherini EBko Atzerri Politikarako goi-kargudunari, Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak prentsaurrekoan jakitera eman duenez.
Bestalde, babes eskubidea duten etorkinak berriz kokatzeko proiektu pilotu batean lan egingo dute Europako agintariek. Hala ere, azken adierazpenetik 5.000 pertsonen kopurua kendu dute. Ekimenarekin gehienez jota 5.000 pertsona artatzea planteatzen zuten.
“Proiektuari muga bat jartzea ez zuen zentzurik”, azaldu du Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak.
Ontzi, aditu, hegazkin eta diru gehiago
Estatu kideek “ontzi gehiago, aditu gehiago, hegazkin gehiago eta diru gehiago emateko konpromisoa” hartu dutela ziurtatu du Tuskek.
“Pertsona errugabeen bizitza salbatzea Europar Batasunaren lehentasuna dela argi geratu behar du, baina salbatzea ez da erreskatatzea bakarrik, mafiak geldiaraztea eta pertsonen trafikoaren kontra borrokatzea ere bada”, azpimarratu du Tuskek.
Bestalde, “diru nahikoa ez baldin bada, laguntza areagotuko dugu”, adierazi du Angela Merkel Alemaniako kantzelariak. Mediterraneoko uretan etorkinen erreskatean laguntzeko bi ontzi eskaini ditu Alemaniak.
“Pauso erraldoia”
Legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko Europako buruzagiek hartutako erabakiak “pauso erraldoia” izan direla adierazi du Matteo Renzi Italiako lehen ministroak.
“Europarentzako aurrerapauso handi bat izan da, gertatu beharrekoa datorren asteetan ikusiko dugu, hitzetatik eginetara pasatzea lortuko ote dugun, alegia”, gaineratu du Renzik goi-bilera bukatu eta gero.