Mundua -

Estatu Batuak

Hilketa egotzi diote gizon beltz armagabe bat tiroz hil zuen poliziari

Larunbatean gertatu zen hilketa, Kalifornia hegoaldean. Herritar batek grabatutako irudietan ikus daitekeenez, poliziak ez zuen bere burua babesteko tiro egin.

Gizon beltz armagabetu bat hil du polizia batek AEBn

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilketa delitua egotzi diote joan den larunbatean North Charleston hirian (Kalifornia hegoaldean) gizon beltz armagabe bat tiroz hil zuen poliziari. Herritar batek gertatutakoa grabatu zuen, eta gaur zabaldu dira irudiak: bertan ikus daitekeenez, poliziak gutxienez bost tiro egin zizkion ihes egiten saiatu zen gizonezkoari.

Keith Summey North Charleston hiriko alkateak komunikabideen aurrean eman dituen azalpenen arabera, Michael Slager agenteak ibilgailua gelditzeko agindua eman zion gidari bati, argietako bat matxuratuta zuelako. Walter Scott auto-gidaria, 50 bat urteko gizon beltza, autotik atera eta ihesi joan zen. Belardi batera iritsi zen korrika, eta bertan zegoela, atzetik zuen agenteak bost tiro eman zizkion. Bertan hil zen Scott.

Biktimaren abokatuaren (Chris Stewart) esanetan, seme-alabei hilero ordaindu beharreko pentsioan atzerapenak zituelako egin zuen ihes, kartzelatuko zuten beldur. "Ez zuen indarkeriagatik aurrekaririk. Lana bazuen, baina, hala ere, seme-alabei egin beharreko ordainketetan atzerapenak zituen. Ez zuen espetxera joan nahi", esan du.

The New York Times-ek zabaldu duen bideoan, polizia tiroka ageri da. Biktima jada lurrean hilda dagoela, agenteak besoak atzera botatzeko eskatzen dion unea ere ikusten da.

Larunbatean agenteak epaileari esan zionez, biktima agenteari arma lapurtzen saiatu zen, eta horregatik egin zion tiro poliziak, bere burua babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Delituak bideoak Arrazismoa bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Giza hilketak