Mundua -
Sarraskia Kenyan
Kenya: 'Terrorista batzuek ez gaituzte kikilduko'
Joseph Nakaissery Kenyako Barne ministroak ukatu egin du Erresuma Batuak eta Australiak, azken asteotan, mehatxu terroristen aurrean igorritako ohartarazpenen aurrean Kenyak 'entzungor' egin duenik.
Agentziak
Al Shabad talde jihadistak Garissako Unibertsitatearen kontra atzo egindako sarraskiaren ondoren, dolu eguna dute gaur Kenyan: 147 pertsona hil zituzten eta 79 zauritu atzoko atentatuan, azken urteotan herrialde horretan izan den erasorik bortitzenean.
Joseph Nkaissery Kenyako Barne ministroa Komunikabideen aurrean agertu da gaur: erasoak "ezustean" harrapatu duela Kenyako Gobernua esan du. Erresuma Batuak eta Australiak, azken asteotan, mehatxu terroristen aurrean igorritako ohartarazpenen aurrean ‘Kenyak entzungor’ egin duenik ukatu egin du ministroak. Horren hitzetan, "ikasle errugabeak hiltzen dituzten terrorista batzuek ez gaituzte kikilduko".
Raila Odinga oposizioburuak babesa eskaini dio Kenyko Gobernuari, "justizfikaziorik ez duen atentu baten aurrean". "Gobernuak ikusi beharko luke etsaia bere taktikak aldatzen ari dela eta babesik gabeko erakundeak erasotzen ari dela. Guk ere gure taktikak aldatu beharko genituzte", esan du Odingak agiri batean.
Ildo beretik hitz egin du Giza Eskubideen Kenyako Batzorde Nazionalak: "kezkatuta" agertu da "Kenya oso herrialde ahula eta erasotzeko erraza" delako, bertako presidentea "etengabe lasaitasunerako mezuak bidaltzen ari den arren".
Kenyako hainbat gizarte talde oso kritiko agertu dira Gobernuaren kudeaketarekin. Horien iritzian, Kenyako presidenteak mendebaldearekiko "isolamendu politika" jarri du martxan. Europarekin eta Estatu Batuekin elkarlana eskatu diote Gobernuari.
Atzoko atentatuan hildakoen gorpuak hegazkinez eraman dituzte gaur Nairobiko aireportura. Handik, hiriko gorputegi nagusira eraman dituzte, senitartekoek identifikatu ditzaten.