Mundua -
Europar Batasuna
Terrorismoaren aurka lankidetza areagotuko du EBk Tunisian eta Libian
EBko eta Mediterraneoaren hegoaldeko itsasertzaren Atzerri ministroek goi-bilera egingo dute apirilaren 13an, Bartzelonan. Terrorismo jihadistari aurre egiteko neurriak eztabaidatuko dituzte.
Erredakzioa
Europar Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak kezkatuta agertu dira Estatu Islamikoak Libian eta Tunisian aurrera egin duelako. Mehatxuaren aurrean, Mediterraneo hegoaldeko herrialdeekin terrorismoaren aurkako borrokan lankidetza areagotzeko borondatea azaldu dute.
Libiak bizi duen krisi politikoaz hitz egin dute EBko buruzagiek bi eguneko goi-bileraren amaieran. Era berean, Tunisiako erasoa gaitzesteko adierazpen bateratua argitaratu dute. Atentatuan 23 pertsona hil zituzten, gehienak turistak.
“Estatu Islamikoaren indarkeriak Tunisia hurrengo jomuga du, arriskua bistakoa da”, adierazi du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak bilera amaitu eta gero.
Batasun nazionaleko gobernu bat osatzea lortzen baldin badu Libiari laguntzeko neurriak prestatzea eskatu dute EBko buruzagiek. Segurtasun misio bat bidaltzeko aukera aztertu dute. Terrorismoaren aurkako borroka zonaldean areagotzeko borondatea azaldu dute.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren hitzetan, “Estatu Islamikoaren eraginak gora egin du Libian”, Europako mugan. Konponbiderik ezean, EBk “arazo handi bat du”, erantsi duenez.
Estatu Islamikoko terroristen eskutik “kaosak Libia hartzen baldin badu”, mehatxuaren aurrean Europa “babesean dagoenik” ezin esan daitekeela uste du Francois Hollande Frantziako presidenteak.
Horrela, “baldintzarik gabeko” su-eten bat “berehala” adosteko eskatu du Europako Kontseiluak. Era berean, “batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko akordio bat lehenbailehen” lortzea eskatu die fakzioei.
Goi-bilera apirilaren 13an, Bartzelonan
Bestalde, apirilaren 13an, Bartzelonan, egin beharreko goi-bileraren garrantzia goraipatu du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak. EBko eta Mediterraneoaren hegoaldeko itsasertzaren Atzerri ministroak bilduko dira bertan.
EBko Atzerri ministroek, Federica Mogherini EBko goi ordezkariak eta Aljeria, Maroko, Tunisia, Israel, Palestina, Libano, Jordania eta Egiptoko diplomaziaren buruzagiek parte hartuko dute.
Besteak beste, terrorismo jihadistari eta legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko neurriak eztabaidatuko dituzte goi-bileran.