Mundua -
Estatu Islamikoa
Egiptok Libia bonbardatu du, nazioartearen erantzunaren zain
Hala, Estatu Islamikoaren 64 miliziano hil dituzte, hiru buruzagi tarteko. Libiak kexa agertu du, gerra hegazkinak bere eremuan sartu dituztelako.
Erredakzioa
Egiptoko Armadak Libia bonbardatu eta Estatu Islamikoko 64 kide hil ditu gutxienez, hiru buruzagi tarteko, mendeku gisa, EIk 21 kopto (egiptoar kristau) hil ondoren.
Mohamed Hegazy Libiako Armadaren bozeramaileak azaldu duenez, Egiptoko Aireko Armadak Derna eta Sirte kostako hirietan egindako bonbardaketetan hil dira jihadistak, eta Libiako militarrekin koordinatuta egin dituzte erasoak.
Bozeramaile libiarrak gezurtatu egin du bonbardaketetan zibilak hil direnik. "Estatu Islamikoarentzat lan egiten duten hedabideek zabaldu nahi dute zibilen kontrako erasoak daudela, kaosa eta beldurra zabaltzeko, eta talde jihadistako kideekiko sinpatia lortzeko", azpimarratu du.
Libiaren protesta
Bonbardaketak Egiptoko Defentsa Nazionalerako Kontseiluak agindu ditu, Egiptoko segurtasun alorreko aginte nagusiak, "herritarren egonkortasunerako eta segurtasunaren defentsarako" eskubidean oinarrituta, Kairoko Armadaren arabera.
Armadak azpimarratu du bonbardaketak Estatu Islamikoaren "kuartelen, entrenamendu eta kontzentrazio eremuen eta arma biltokien kontra" egin dituztela.
Bestalde, Defentsarako Kontseilu Gorenak, Libiako Gobernu errebeldearen Defentsa Ministerioarena egiten duenak, Nazio Batuen Erakundean protesta egingo duela iragarri du. Izan ere, "ez dugu onartu behar inor Libian sartu eta segurtasuna ezegonkortzea. Premiazko kexa jarriko dugu NBEn, eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei protesta egiteko eskatuko diegu, Al Sisiren eta bere tropa zitalei aurre egiteko".