Mundua -

Erreakzioak

Nazioarteko komunitateak Danimarkako tiroketak gaitzetsi ditu

Hiru pertsona hil eta bost lagun zauritu dira larunbatean eta igandean gertaturiko hiru tiroketetan.

Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko komunitateak asteburuan Danimarkan gertaturiko hiru tiroketak gaitzetsi ditu. Aipaturiko erasoetan hiru pertsona hil eta beste bost lagun zauritu dira.

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak adierazpen askatasuna eta tolerantzia defendatzeko deia egin dio nazioarteari. Ohar batean, haren elkartasuna helarazi die Danimarkako agintariei eta daniarrei eta haren pentsamenduak biktimekin eta haien senideekin daudela gaineratu du. Azpimarratu duenez, "ez dago zibilen kontrako erasoak justifikatzeko inolako arrazoirik".

Europar Batasuneko erakundeek baieztatu dute eraso horiek terrorismoari aurre egiteko duten determinazioa indartu baino ez dutela egiten. "Beste behin, Europa hunkituta dago ekintza terrorista diruditen eraso berri hauen aurrean; zeinak gure oinarrizko balore eta askatasunen kontra zuzenduta zeuden, adierazpen askatasuna barne", adierazi du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak "Europar Batasunaren izenean" argitaratu duen ohar batean. "Mehatxu horri elkarrekin aurre egingo diogu", gaineratu du.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak demokraziaren, tolerantziaren eta askatasunen kontrako eraso "onartezintzat" jo ditu. Halaber, terrorismoaren kontrako borrokan, NATOren babesa eskaini dio Danimarkari.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak haren babesa eskaini die daniarrei "gertakari beldurgarri horiei aurre egiteko". "Tiroketak adierazpen askatasunaren eta erlijio askatasunaren kontrako eraso ikaragarriak izan dira", azpimarratu du.

AEBko Gobernuak tiroketak gaitzetsi ditu eta gertaturikoa argitzeko bere laguntza eskaini dio agintari daniarrei.

Palestina Askatzeko Erakundeak (OLP) Kopenhageko tiroketak gaitzetsi ditu: "terrorismoak ez dauka ez erlijiorik, ezta nazionalitaterik ere". Saeb Erekat OLP erakundeko Negoziazio Departamentuko buruaren arabera, "zibilen kontrako erasoek ez daukate justifikaziorik, extremistek, taldeek edota atzerriko gobernuek egiten dituztela ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak bideoak Danimarka