Mundua -
Europako Parlamentua
Schulzek arduragabetzat jo ditu Greziari buruzko espekulazioak
'Denek argi izan behar dute eurotik ateratzea ez dagoela ezbaian', gaineratu du Europako Parlamentuko presidenteak.
Erredakzioa
Grezia eurotik aterako dela dioten espekulazioak arduragabetzat jo ditu Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak, eta auzi hori ez dagoela ezbaian gaineratu du, Die Welt egunkari alemaniarrak gaur kaleratutakoaren arabera.
"Oso gutxi laguntzen dute Grezia eurogunetik aterako denari buruzko eztabaidek eta espekulazioek", esan du, eta "denek argi izan behar dute Grezia eurotik ateratzea ez dagoela ezbaian", erantsi du.
Horrez gain, Europako Parlamentuko presidenteak Greziako hauteskunde-kanpainan horren inguruko adierazpenik ez egiteko deia egin du.
"Halako aholkuekin, greziarrek pentsa dezakete ez dutela eurek erabakiko beren etorkizuna, Bruselak edo Berlinek baizik, eta horrek indar erradikalen besoetara bultza ditzake greziarrak", ohartarazi du.
Der Spiegel astekari alemaniarrak asteburuan argitaratu duenez, Alemaniako Gobernua Grezia eurotik ateratzea aztertzen ari da, Alexis Tsiprasek urtarrilaren 25eko hauteskundeak irabazten baditu eta herrialdea erreformen bidetik aldentzen bada.
Schulzen iritziz, astekari alemaniarrak zabaldutako eztabaidak ez du segur aski Syriza alderdiaren garaipena saihestuko, eta, gainera, ezkerreko alderdiari mesede egingo dio.
Bild egunkari alemaniarrak gaur kaleratu duenez, Alemaniako Gobernua estrategia zehatzak aztertzen ari da, Grezia eurogunetik ateraz gero egoera berri horri aurre egiteko. Gobernuaren iturriak apatuz zabaldu duenez, Syriza alderdiak Greziako hauteskundeak irabaziz gero izan daitezkeen balizko agertokiak aztertzen ari da. Egunkariaren arabera, Syriza nagusitu eta Greziak erreformen bidea alboratuz gero, Atenasek ez luke 10.000 milioi euroko laguntza jasoko.
Alemaniako Gobernuak ez du informazioa ukatu, ezta baieztatu ere, eta aspaldi Greziak erreformak egiteko konpromisoa hartu zuela azpimarratu du.