Mundua -
18 urte ditu biktimak
Poliziak mutil beltz bat hil du Missourin, tirokatuta
Fergusonetik gertu jazo da; hain zuzen, abuztuan antzeko gertakari batek hautsak harrotu zituen hiritik gertu.
Erredakzioa
18 urteko mutil beltz bat hil da, antza denez polizia batek tirokatuta, Missouriko Berkeley hiriko gasolindegi batean. Gertaera Ferguson hiritik gertu jazo da; hain zuzen, abuztuan Michael Brown gaztearen heriotza polemikoa gertatu zen hiritik hurbil.
Oraingo biktima Antonio Martin da, 18 urtekoa. Gutxienez tiro bat jaso du, neska-lagunarekin Berkeleyko gasolindegi batean zegoela. Horrela adierazi diote senideek St. Louis Post-Dispatch egunkariari. Goizaldeko ordu batean gertatu da ezbeharra.
Dozenaka lagun bildu dira gertatutakoaren aurka protesta egiteko. Gutxienez, hiru atxilotu daude, “The St. Louis Post-Dispatch” egunkariaren arabera. Gaztearen gorpua bi orduz egon zen lurrean, gasolindegian, jendearen haserrerako.
Poliziaren esanetan, mutila armatuta zihoan
Poliziaren esanetan (hildakoaren nortasuna ez dute zabaldu), gaztea armatuta zihoan eta agentea apuntatu zuen azken hori berari eta beste lagun bati gerturatu zaienean. Polizia erronda arrunta ari zen egiten.
"Bere bizitzarekin beldur, Berkeleyko agenteak tira batzuk egin zituen, eta heriotza eragin zion", esan zuen Twitterren Brian Schellman Poliziaren bozeramaileak.
Saint Louiseko Konderriko Polizia Departamentua "ikerketa bat ari da egiten", Schellmanen arabera. Hildakoaren arma berreskuratu dutela ere esan dute.