Mundua -
Errusiako krisia
Putinek akatsak aitortu ditu, baina kanpo faktoreei egotzi die krisia
Nolanahi ere, Errusiako ekonomiak, bi urteko epean okerren jota, krisi ekonomikoa gaindituko duela adierazi du.
Erredakzioa
Vladimir Putin Errusiako presidenteak kanpo faktoreei (petrolioaren prezioaren beherakadari, esaterako) egotzi die Errusiak gaur egun bizi duen krisia. Hala ere, aitortu du Errusiak ez dituela beharrezko pausoak eman "ekonomia dibertsifikatzeko".
Errubloak azken egunotan izandako beherakadaren aurrean lehen aldiz hitz egin du bertako eta nazioarteko hedabideen aurrean, eta Errusiako Gobernuak eta Banku Zentralak hartutako erabakiak dirua egonkortzeko egokiak izan direla adierazi du. Hala ere, hainbat neurri arinago hartu behar zituztela aitortu du.
Nolanahi ere, Errusiako presidentearen esanetan, Errusiako ekonomiak, kasurik okerrenean, bi urteko epean gaindituko du krisi ekonomikoa. "Zenbat denbora? Bi urte beharko ditugu, kasurik okerrenean", adierazi du bertako eta atzerriko kazetarien aurrean urtero garai honetan egiten duen agerraldian.
Kremlineko buruaren iritziz, krisiaren amaiera eta geroko hazkunde ekonomikoa "saihestezinak" dira; eta mundu-ekonomiaren hazkunde erritmoa geldotu bada ere, Errusia oraindik hazten ari dela eta "segur aski" hazkundeari eutsi egingo diola azpimarratu du.
Errubloak behera egin du Putinek Errusiako Banku Zentralari babesa eman ostean
Asteazkenean errubloak goranzko joera hartu bazuen ere, gaur behera egin du berriro Errusiako presidenteak Banku Zentralak hartutako neurriak babestu eta gero.
Merkatuak ireki dituztenean, Errusiako diruaren kotizazioa dolarreko 60 errublokoa zen. Hala ere, Putinek adierazpen horiek egin ondoren, errubloak behera egin du, eta dolar bat eskuratzeko 64 errublo ordaindu behar izan dira eguerdi partean.