Mundua -
Hitzaldia West Midlandsen
Migrazio-sistema 'zorrotzago' bat defendatu du Cameronek
“Eskaleak, maula-egileak eta komenientziazko ezkontzak egiten dituzten pertsonak” kanporatu ahal izatea nahi du Erresuma Batuko lehen ministroak.
Erredakzioa
Europar Batasuneko mugimendu askatasunaren “abusuekin” amaitzeko migrazio-sistema “zorrotzago” bat defendatu du gaur David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Horrela, “eskaleak, maula-egileak eta komenientziazko ezkontzak egiten dituzten pertsonak” kanporatu ahal izatea nahi du.
“Mugimendu askatasunaren abusuei aurre egiteko EBko sistemarik zorrotzena sortu nahi dugu”, adierazi du lehen ministroak West Midlansen, Ingalaterrako erdialdean, The Guardian egunkariak jakitera eman duenez.
“Arrakasta baldin badaukat, kanpaina egingo dut, esan bezala, herri hau EBn mantentzeko”, azaldu du. Hala ere, kezkek erantzunik ez baldin badute eta EBrekin negoziaziorik ez baldin badago, aukerarik ez duela baztertzen ohartarazi du. “Ez dut ezer baztertzen, jakina”, esan du. “Baina borondate onarekin eta adostasunarekin arrakasta izan behar dugu”, erantsi du.
Europar Batasuneko herritarrak Erresuma Batuan nola sartzen diren kontrolatzeko egitasmo bat aurkeztu du Cameronek. Hauteskunde orokorretarako sei hilabete falta dira eta EBtik ateratzeko erreferenduma deitzeko aukera mahai gainean dago. Planaren puntu nagusiak hurrengoak dira:
- Estatuko diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izateko EBko etorkinek gutxienez lau urte eman beharko dituzte Erresuma Batuan.
- Seme-alaba bakoitzeko laguntzak eskatzen dituzten EBko etorkinen kopurua murriztea, batez ere adingabeak herrialdetik kanpo bizi diren kasuetan.
- Sei hilabetean lanik aurkitu ez duten etorkinak Erresuma Batutik kanporatzeko aukera planteatzea.
- Herrialdean dauden etorkinek ekar ditzaketen senitartekoen kopurua mugatzea.
- Delituengatik zigortutako pertsonak erbesteratzeko prozesua azkartzea.
- Eskaleak eta iruzurra egin duten pertsonen erbestealdia luzatzea.
- EBn sartu berri diren herrialdetako etorkinen sarrera debekatzea, estatu berri horietako ekonomiak gainerako herrialdetakoekin parekatu arte.
- Komenientziazko ezkontzak eragozteko zaintza areagotzea.
- EBko etorkinei Erresuma Batura etorri ahal izateko aurretik lan eskaintza bat izateko baldintza inposatzea.
- Etxeko nagusiek maizterren immigrazio statusa egiaztatu beharko dute.