Mundua -
Ferguson
Brown hil zuen poliziak esan du berdin jokatuko lukeela berriro
Darren Wilsonek esan du "kontzientzia lasai" duela, bere burua salbatzeko hil zuelako gazte beltza.
Erredakzioa
Darren Wilsonek, Fergusonen (AEB) gazte beltz bat hil zuen poliziak, esan du "kontzientzia lasai" duela eta berriz gertatuz gero berdin jokatuko lukeela, bere burua salbatzeko egin zuelako.
"Neure buruari galdetu nion: nola aterako naiz bizirik?", adierazi du Wilsonek ABC telebista-kate estatubatuarrean egindako elkarrizketa batean, epaimahaiak hilketagatik ez inputatzea erabaki ostean.
Wilsonek tiroka hil zuen Brown, 18 urteko gizonezko beltza, abuztuaren 9an, gaztea armarik gabe zegoela, eta oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla medio.
Gertakariak istilu larriak eragin zituen 20.000 biztanle eskas dituen hirian, eta atzo berpiztu egin zen haserrea, epaimahaiaren erabakiaren berri izan eta gero.
"Neure buruari zera galdetu nion: Mutiko hori hil dezaket? Legez, ahal dut? Eta hauxe erantzuna: Egin beharra daukat, bestela hil egingo nau", azaldu du agenteak.
Wilsonen arabera, Brownek eraso egin zion eta arma kentzen saiatu zen, baina lekukoen esanetan, ez zen horrela gertatu.
Lekukoek adierazi dutenez, Wilsonek behin baino gehiagotan egin zion tiro armarik ez zeraman eta eskuak altxatuta zituen gazteari.
Orain, eskuak altxatuta eta "Ez egin tiro" oihuka egiten ari dira protestak AEBko bazter guztietan.