Mundua -
Europako Parlamentua
Juncker: 'Ez dut legez kontrako praktiken berri izan Luxenburgon'
LuxLeaks auzian “interes-gatazkarik izan ez” dela ziurtatu du Europako Batzordearen presidenteak. Hala ere, “baliteke, Luxenburgon zerga ingeniaritza gehiegi izatea”, onartu du Junckerrek.
Erredakzioa
Luxenburgoko lehen ministroa izan zen garaian legez kontrako ekintzen berririk izan ez zuela adierazi du Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak gaur, Europako Parlamentuan. LuxLeaks auzia dela eta hitza hartu du Junckerrek Ganberan.
“Ez dut legez kontrako inolako praktiken berri izan Luxenburgon”, azaldu du Junckerrek. Hala ere, “baliteke, Luxenburgon zerga ingeniaritza gehiegi izatea, beste herrialde batzuetan bezalaxe”, onartu du Junckerrek.
Europako Parlamentuaren saioko azken unean agerraldia egin du Batzordeko presidenteak LuxLeaks auziaren inguruan azalpenak emateko. Antza denez, Luxenburgok 100 bat multinazionalekin sekretuko akordioak izan ditu.
“Interes-gatazkarik ez”
“Agertutako zalantzak ikusita, nahiz eta eskatu ez, gaur hemen hitza hartzea erabaki dut”, esan du Junckerrek.
Era berean, Juncker erakundearen eguneroko prentsaurrekoan ustekabean azaldu da. “Interes-gatazkarik ez” dela izan ziurtatu du. Dena nazioarteko eta Luxenburgoko legediaren barruan egin dutela azpimarratu du buruzagiak.