Mundua -
Protestak Hong Kongen
Cheung Yinek ez du kargua utziko, baina manifestariekin bilduko da
Manifestariek mehatxua bete eta eraikuntza publikoak hartzen baldin badituzte ondorio larriak izango direla ohartarazi du Hong Kongeko gobernuburuak.
Erredakzioa
Kargua utziko ez duela iragarri du Leung Cheung Yin Hong Kongeko gobernuburuak. Bestalde, demokraziaren aldeko manifestariek mehatxua bete eta eraikuntza publikoak hartzen baldin badituzte ondorio larriak izango direla ohartarazi du. Hala ere, Exekutiboko ordezkari bat ikasleen buruzagiekin biltzea onartu du gobernadoreak.
Bozkatzeko askatasuna eta buruzagiak aukeratzea aldarrikatzen ditu 'Aterkien Iraultza'k. Manifestariek egunak daramatzate Hong Kongeko erdialdean. Ostirala baino lehen Leungen dimisioa eskatzen zuten manifestariek.
Ultimatuma amaitu baino lehen, Leungek agerraldia egin du dimisioa emango ez duela azaltzeko. "Hauteskundeen erreforma aurrera eramateko lanean jarraitu behar dut", adierazi du. Aldaketa politiko oro egiteko Herri Kongresu Nazionalaren jarrera kontuan izan behar dutela erantsi du, South China Morning Post jakitera eman duenez.
Bilera Carrie Lamekin
Manifestariekin biltzeko Carrie Lam Administrazioko idazkaria aukeratu du gobernadoreak. Hong Kongeko Ikasleen Federazioak azken orduetan egindako eskakizunak "sakonean" aztertu dituela esan du Leungek.
Hong Kong erdialdeko zenbait zona hartu zituzten manifestariek iragan asteburuan, 2017ko hauteskundeetan gobernuburua zuzenean aukeratzea eskatzeko. Iragan igandean, segurtasun indarrek gas negar-eragileak erabili zituzten manifestarien aurka.
Bestalde, Gobernuaren eraikinen aurka eraso ez egiteko eskatu die Steve Hui Hong Kongeko Poliziaren goi-kargudunak manifestariei.