Mundua -
Europako Batzordeak
Cañetek petrolio-enpresetako akzioak saldu ditu, komisario izateko
Gainera, hauteskunde-kanpainan egindako adierazpen matxistak argitzea eskatu dio Junckerrek.
Erredakzioa
Miguel Arias Cañete Europako Batzordeko Energia eta Klima Aldaketarako komisario hautetsiak petrolio-enpresetan zituen akzio guztiak saldu ditu, kargu berrian interes-gatazkarik sortzea saihesteko, PPtik jakinarazi dutenez.
Horrela, Cañetek gainditu ahal izango du komisario izateko Euroganberak egingo dion azterketa, betiere aipatu alderdiaren arabera.
Europako Parlamentuari aurkeztutako txostenen arabera, Espainiako Gobernuko ministro ohiak Petrolifera Ducor eta Petrologis Canarias konpainietan zituen akzioak. Hain zuzen ere, enpresa bakoitzaren % 2,5en jabe zen. Europako sozialistek eta ezkerrak eta elkarte ekologistek gogor kritikatu zituzten Cañetek petrolioaren industrian dituen interesak.
Halaber, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak beste baldintza bat jarri dio Cañeteri bere taldean egoteko: hauteskunde kanpainan egindako adierazpen matxistak argitzea. Ministro ohiak uste du ez duela arazorik izango afera horretan, barkamena eskatu zuelako.
Euroganberak irailaren 29tik urriaren 7ra aztertuko ditu komisario hautetsiak. Cañetek ez ezik, baliteke Jonathan Hill britainiarrak, Alenka Bratusek esloveniarrak eta Tibor Navracsics hungariarrak ere izatea arazoren bat azterketa gainditzeko.
Parlamentuak ezin die banaka betoa jarri komisario hautetsiei, eta Gobernu osoa onartu edo errefusatu behar du. Dena dela, azken legegintzaldietan Ganberak komisarioren batekin zalantzak agertu dituenean, horren herrialdeak erretiratu eta beste hautagai bat proposatu izan du, Batzorde osoa ez erorarazteko.