Mundua -

EB

Eurotaldeko buruak Espainia kritikatu du, bera kentzeko presioengatik

Dijsselbloemek esan du ez dela ona Eurotaldearentzat Espainia egiten ari den presioa Luis de Guindos Eurotaldeko presidente karguan jartzeko.

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea. Argazkia: Efe
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea.
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak jakinarazi du 2015eko udara arte bere karguan jarraitzeko asmoa duela, eta gogor kritikatu du Espainia egiten ari den presioa bera presidente kargutik kendu eta Luis de Guindos jartzeko.

"Nire lanean geratuko naiz datorren urteko udara arte gutxienez, eta orduan ikusiko dugu zein den hautagaia", adierazi du Dijsselbloemek Europako Parlamentuko bilera batera heldu denean. Herbeheretarrak ez du argitu karguan jarraitzeko hautagai izango ote den, eta "aurrerago" hartu beharreko erabakia dela azpimarratu du.

Espainiako Gobernua Eurotaldeko presidente kargua eskuratzeko egiten ari den borroka ona ote den galdetuta, Dijsselbloemek erantzun du ez duela zertan, "baina hauxe da demokrazia".

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak ere ez du uste Eurotaldeko presidenteak 2015eko uda aurretik kargua utziko duenik. Gainera, hurrengo agintaldirako hautagai izango dela ere uste du.

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, bere aldetik, argi adierazi du presidente berria datorren urtean hautatuko dutela. "2015eko erditik aurrera, kontuan izango dut Merkelentzat Guindos jauna pertsona egokia dela kargurako, eta badakit beste herrialde batzuk iritzi berekoak direla", adierazi du Van Rompuyk.

Dijsselbloemek Austriaren eta Finlandiaren babesa bakarrik du karguan jarraitzeko, Herbehereetako prentsaren arabera, baina Espainiako Estatuan hauteskundeak izango dira 2015eko udazkenean, eta ez da ziurra De Guindosek ministro gisa jarraituko duela, eta baldintza hori ezinbestekoa da Eurotaldeko presidente izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea